Lankidetza hitzarmena sinatu du Zumaiako Udalak Maria eta Jose ikastetxearekin

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 23a

Zumaiako Udalak azaldu duenez egindako akordioa "aitzindaria" da Zumaian

Marikruz Alvarez Zumaiako Udaleko Ogasuneko zinegotzia eta Isaak Aranberri Maria eta Jose ikastetxeko zuzendaria lankidetza hitzarmena sinatzen. (Zumaiako Udala) Gaur eguerdian sinatu dute Zumaiako Udalaren eta ikastetxearen arteko lankidetza hitzarmena Marikruz Alvarez Zumaiako Udaleko Ogasuneko zinegotziak eta Isaak Aranberri Maria eta Jose ikastetxeko zuzendariak.  Udalak azaldu duenez, akordio hori "aitzindaria" da Zumaian, "inguruko herriek —Oriok, Azpeitiak, Zarautzek eta Azkoitiak— itunpeko ikastetxeekin akordioak sinatuta badituzte ere, Zumaian gaur arte ez da horrelakorik sinatu".

Akordioaren helburu nagusia da Zumaiako kirol eta kultur elkarteei zein erakundeei ikastetxeko instalazio pribatuen erabilera ahalbidetzen jarraitzea. Gaur arte, udalak eta herritarrek askok, instalazio horiek sarritan erabili badituzte ere (eskola kirolerako edo elkarte desberdinen beste hainbat ekintzatarako edo ekitalditarako), erabilera horren gastuak orain arte ikastetxeak bere gain hartu ditu. "Maria eta Jose ikastetxeak borondate onez laga digu beti ikastetxeko azpiegiturak, baina nolabait orain arte azaldutako prestutasun eta borondate hori aitortu nahi diogu, eta etorkizunera begira espazio horien erabilera arautu", azaldu du Alvarezek. Sinatutako akordioaren bitartez, ikastetxeko instalazio pribatuak erabiltzeagatik sortutako gastuak arintzeko konpromisoa hartu du Zumaiako Udalak.

Akordioak urtebeteko iraupena du, eta udalak ikastetxearen azpiegiturak erabili ahal izango ditu opor garaian eta 17:00etatik aurrera ikasturtean zehar. Horrek sortu dezakeen gastua kontuan hartuta udalak 28.500 euro ordainduko dizkio ikastetxeari, bi zatitan: lehen zatia, hitzarmena sinatutakoan eta bigarrena, urtearen bukaeran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide