Xabier Irureta berak egindako margolanekin. (Izaskun Urbieta)
Atzo zabaldu zuen
Xabier Iruretak Zumaiako
Alondegiko Oxford aretoan bere bigarren erakusketa,
Zumaiako marrazki ikutuak izenarekin. Uztailaren 9a arte egongo da zabalik egunero, 18:30etik 20:30era, eta asteburuetan 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era. "Zumaian dauden txokoak eta pertsonaiak azaldu nahi nituen, eta horregatik jarri diot izen hori erakusketari", esan du.
Txikitatik izan du marrazkiarekiko eta pinturarekiko zaletasuna Iruretak, baina garai hartan, lana egitea zen lehentasuna eta arte kontuak aipatu ere ez ziren egiten. "Gure etxean zintzilikatuta zegoen gauza bakarra lanerako buzoa izaten zen. Aita gazterik joan zen, eta familia aurrera atera behar zen", gogoratu du Iruretak.
Erretiratu zenean heldu zion berriro marrazkiarekiko zaletasunari. "65 urte nituenean hasi nintzen Forondara joaten. Bertan, Ander Hormazuri izan nuen irakasle, eta hainbat teknika, gomendio eta ikuspuntu erakutsi zizkidan. Urte eta erdian egon nintzen ikasten, gero nire martxan jarraitu nuen, nire tankeran", aipatu du.
Margotzeak asko laguntzen dio Iruretari, batez ere, burua argi mantentzen. "Buruan dabilzkidan kezkak alde batera uzteko aukera ematen dit".
Herriko pertsonaiak
Erakusketaren helburua, batez ere, herri mailan dauden "ezberdintasunak eta inbidiak" alde batera utzi, eta guztiak maila berean eta berdintasunean jartzea du Iruretak. "Herriko txokoez gain, bereziki, Zumaian bizi diren pertsonaien erretratuei eman diet garrantzia. Era guztietako pertsonaiak daude, eta guztiek merezi dute onespena", aipatu du. Magdalena Iparragirre esnezale oikiarretik hasita, Lucia Lacarra dantzaria, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburua eta Ebaristo Osa olagarrozalearaino daude erretratuetan. "Herri batean egon daitezkeen koloreak» irudikatu nahi izan ditu. «Ezberdintasunak ezberdintasun, guztiok berdinak gara, eta hori aurkeztu nahi dut erakusketa honen bidez. Denok ulertuta eta errespetuarekin, elkarrekin egin behar dugu lan, eta herri hau aurrera atera", nabarmendu du.
Zumaiako irudiez eta pertsonaiez gain, beste hainbat paisaia, bodegoi eta abar aurkitu ahalko dira egun hauetan Alondegiko Oxford aretoan jarrita dagoen erakusketan. Guztira, 50 koadro daude erakusgai.