80 urtera berreskuratutako memoria

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 21a

Gernikako hilerriko hobi komun batean lurperatuta dauden 82 gudari omendu zituzten larunbatean, Gipuzkoatik Gernikara ekitaldian. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu zuen omenaldia; izan ere, hobiratutako gudari gehienak gipuzkoarrak dira. Urola Kostakoak dira hemezortzi: Azkoitikoak bost, Azpeitikoak lau, Zumaiakoak lau, Zarauzkoak hiru eta Getariako nahiz Zestoako bana. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Azpeitiko eta Zumaiako alkateak, eta Getariako eta Zarauzko udal ordezkariak. Hildako gudarien senideak ere Gernikako hilerrian izan ziren. Ekitaldiaren barruan, oroitarria jarri zuten hilerriaren sarreran, eta gudariak lurperatuta dauden tokian, plaka bat. Lurperatutako gudari gehienak EAJren Amaiur, Loiola, Itxarkundia eta Saseta batailoietako kideak ziren. Hona hemen, elkarrizketak:

Jose Urbistondo: "Orain badakigu gure aurrekoen hezurrak non dauden"

Jose Urbistondo Dionisio Urbistondoren iloba. (Julene Frantzesena) Artean jaiotzeko zegoen Jose Urbistondo (Urrestilla, 1943) bere osaba Dionisio Urbistondo Loiola batailoiko gudaria hil zutenean. Legutioko ofentsiban hil zuten urrestildarra, tiroz. Ez zenuen osaba ezagutu, baina zer kontatu dizute hari buruz? 25 urterekin hil zuten osaba, 1937ko urtarrilaren 1ean. Ni jaiotzeke nengoen orduan, baina gerora, etxeko logela batean haren argazki handi bat zegoela gogoratzen dut. Lau anaia ziren nire aita-eta, eta laurak ibili ziren gerran. Hiru zapadoreetan lanak egiten, eta Dionisio batailoian, infanterian, lehen lerroan. Bagenekien osaba Legutio eta Otxandio artean ibili zela; izan ere, estrategia bat zuten Gasteiz hartzeko, baina ez zen iritsi, hil egin zuten mendi maldaren batean. Anaia guztiek oso sentipen indartsuak zituzten gudariak eta abertzaleak zirelako, eta beti kontatu izan digute osabarekin zer gertatu zen. Halere, hortik aurrera ez genuen zehaztasun handirik. Eusko Gudarosteko kide izan ziren, beraz, lau anaiak. Bai, Loiolako komandantziarekin konprometitu ziren, eta gero batailoietan banatu zituzten. Orduan ohikoa zen gizonak gerrara joatea eta emakumeak etxean gelditzea. Eta gure etxean ere hala izan zen, ama eta amama etxean gelditu ziren. Garai gogorrak izan ziren. Osaba Basilio zapadoreetan, eta, ondoren, trabajadoreetan ibili zen zazpi bat urtez. Nire aita, berriz, lehentxeago itzuli zen. Eta beste osabaren, nire aita pontekoa zenaren, berri gehiegirik ez dut. Anaietako bat, Basilio, bizi da oraindik. Bai, hala da. 100 urte bete ditu orain gutxi, eta omenaldia ere egin zioten. Duela hiru bat urtera arte entziklopedia bat izan da guretzat. Apal ugari betetzeko adina istorio zituen hark kontatzeko; orain, berriz, urteak eta... Ez genuen Gernikara eraman. Ba al zenekiten osaba Gernikan zegoela lurperatuta? Ez genekien. Pentsatzen genuen inguru hartan behar zuela egon, baina ez dugu sekula ikertu ere egin. Orain, gaiari heldu zaionean hasi gara geu ere gauzekin jabetzen. Sorpresa izan da. Eta larunbatean hobi komuna ikusi genuean, inpresioa egin zidan. Zer sentitu zenuen ekitaldian? Zazpi iloba joan ginen Gernikara, eta ekitaldia hunkigarria izan zen, duina. Mezu positiboa eman zuten. Omenaldiak balio izan digu aitortzarako, osaba non zegoen ere ez baikenekien. Hunkigarria izan zen oso; izan ere, gertatu zena bera izan zen hunkigarria. Orain, behintzat, badakigu gure aurrekoen hezurrak non dauden. Horrelako lanak egin egin behar dira egia jakiteko, orain arte galtzaileek ez baitute izan ahotsik.

Juan Jose Arizmendi: "Txikia nintzen aita hil zenean; gutxi oroitzen naiz berataz"

Juan Jose Arizmendi, Amaiurko gudarien argazkia eskuetan. (Ihintza Elustondo) Jesus Arizmendi azkoitiarra Amaiur batailoiko sarjentua zen. Joana Garate emaztea eta lau seme-alaba etxean utzita gerrara joan zen, eta Asturiasen hil zen, 1937ko otsailean, armek eragindako zaurien ondorioz. Haren semea da Juan Jose Arizmendi (Azkoitia, 1924); martxoan bete zituen 93 urte. Nola oroitzen duzu aita? Txikia nintzen hil zenean, eta gutxi oroitzen naiz berataz. Gure etxean ez zegoen ogi koskor bat ere, eta baserrian bizi nintzen, lehengusu txikiekin. Nire beste bi anai-arreba beste baserri batera joan ziren, eta arreba zaharrena kalean gelditu zen, amarekin. Egun batean, baserrian nengoela, kalera etortzeko esan zidaten, aita hil zela eta. 12-13 urterekin jakin nuen hil zela, eta kito. Berriro itzuli nintzen baserrira. Ez zineten amarekin eta aitarekin bizi, beraz. Ez genuen ezer eta. Lana abarketak josten bakarrik zegoen Azkoitian. Egoera tristea zen orduan, ez sinestekoa. Ez zegoen hemen dirurik. Ahal genuena egiten genuen, oraintxe egiten dudan bezala. Tartean-tartean kalera etorri eta amarekin ibiltzen nintzen. Gero, baserritik kanpora lanera joan nintzen, eta poliki-poliki egin dugu aurrera. Nola hil zen aita? Asturiasen hil zen. Segadaren bat egin omen zioten, eta azkoitiar gehiago ere hil ziren harekin batera. Bazenekien Gernikan lurperatu zutela? Zerbait banekien. Nire arreba eta anaia izanda zeuden han, bi aldiz edo. Larunbateko ekitaldian enteratu nintzen pixka bat gauzekin, ezer askorik ez nekien. Zer moduzkoa iruditu zitzaizun ekitaldia? Oso hitzaldi ederra izan zen, pasadizoak-eta kontatu zituzten, eta, gero, zeremonia militar moduko bat egin zuten. Bi semeekin joan nintzen, eta, gero, bazkaltzera joan ginen hirurok. Zure emaztea zena ere frankismoaren biktima izan zen. Tropa frankistak sartzean, nire emaztearena eta beste familia batzuk kanporatu egin zituzten. Haren aita fitxatuta zegoen, eta familia osoa joan zen kanpora. Istorio gogorra bizi izan zuen nire emazteak, 6 urterekin-edo kanporatu zuten. Garai hartan, kanporatu behar zituzten familiekin zerrenda bat osatu zuten, eta sendi mordoa bidali zuten kanpora. Gu ere zerrenda horretan omen geunden, baina ez dakigu zergatik –norbaitek sartuko zuen eskua–, hemen gelditu ginen, baserrian, tripa betetze aldera. Errukia emango genien familiakoei. Sekulako miseria bizi izan genuen; gose izugarria pasatu genuen. Eskolarik ere ez genuen batere.

Omendutako gudariak

  • Jesus Arizmendi (Azkoitia)
  • Manuel Garate (Azkoitia)
  • Julian Izagirre (Azkoitia)
  • Jose Maria Larrañaga (Azkoitia)
  • Ignacio Zuazola (Azkoitia)
  • Francisco Iparragirre (Azpeitia)
  • Jose Urbieta (Azpeitia)
  • Dionisio Urbistondo (Azpeitia)
  • Leandro Plazaola (Azpeitia)
  • Jose Maria Alkorta (Zestoa)
  • Bernardo Otamendi (Getaria)
  • Anastasio Anzuola (Zarautz)
  • Felix Eizagirre (Zarautz)
  • Justo Larrarte (Zarautz)
  • Josu Albizu (Zumaia)
  • Pedro Jose Etxabe (Zumaia)
  • Eduardo Fernandez (Zumaia)
  • Jose Joaquin Laskibar (Zumaia)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide