Orioko emakumezkoen trainerua Bilboko estropadan. (Iñaki Suarez Calleja)
Asteburuan abiatu zituzten gizonezkoen KAE 1 liga eta Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga. Azken horretan ez da ezustekorik izan, eta iazko denboraldiko joera bera jarraitu zuen larunbateko estropadak: San Juan nagusitu zen, Hibaikaren eta Orioren aurretik.
Erlojuaren aurkako bi luzeko estropada izan zen Bilbokoa, eta bi minutuero atera ziren ontziak. Zozketa bidez erabaki zen ontzien irteera ordena; oriotarrak, esaterako, bederatzigarren postuan atera ziren, San Juanen ondoren. Berrikuntza bezala, Gipuzkoako ligako lehen estropadan Saioa Sayago jubenilak hartu zuen Nadeth Agirreren lekukoa, eta gaztea aritu zen patroi lanetan Orioko Txiki ontzian.
Estropadan, Hibaikak egin zuen denborarik onena lan erditan, 05:02 denborarekin. San Juanek, ordea, bigarren luze bikaina egin zuen, eta 13 segundo atera zizkion Hibaikari, estropada irabaziz. Orio (10:54:10) hirugarren postuan sailkatu zen, San Juanengandik 22 segundora. Hernani izan zen laugarren Bilboko proban; talde horiak baino bi segundo gehiago behar izan zituen.
Hurrengo estropada datorren larunbatean jokatu dute Pasai Donibanen, 17:30ean.
Zarautz hirugarren
Igandean KAE1 ligako lehen estropada jokatu zuten Santurtzin, eta etxeko taldeak irabazi zuen bandera. Eskualdeko taldeen artean, Zarautzek eman zuen ezustekoa: 20:18:38 denbora eginda, hirugarren postuan sailkatu zen. Zumaia seigarrena izan zen (29:35:87), eta Orioko bigarren trainerua, berriz, (20:42:59) zazpigarrena. Getaria, azkenik, bederatzigarren postuan sailkatu zen (20:46:61).
Gizonezkoek Getarian jokatuko dute hurrengo estropada, igandean, 12:00etatik aurrera.