Autoen industria punta-puntan dago azken urteotan, eta horren adierazle da GKN Driveline multinazional britainiarra. Ford, Fiat eta eta Nissan bezalako kotxe markentzako piezak egiten dituzte, hain zuzen Zumaian. Duela hilabete batzuk Zumaiako lantegia goraipatu zuen multinazionalak, eta Driveline ataleko enpresarik lehiakorrena dela aitortu du.
Drivelinek 46 lantegi ditu, eta 26.000 langilek egiten dute lan horietan; Zumaian, 402 beharginek. Onespenaz gain, enpresa taldeak Zumaiako lantegian hamar milioiko inbertsioa egingo duela baieztatu du. Diru hori, alde batetik, 2018an martxan jarriko diren fabrikazio robotizatutako bi zeluletarako erabiliko dute, eta bestetik, instalazioak handitzeko eta hobetzeko.
Bide batez, hilabete honetan, Driveline sektoreko komite exekutiboa eta Giza Baliabideetako arduraduna izango dira Zumaian, eta urrian, berriz, talde osoko administrazio kontseilua elkartuko da Zumaiako plantan.