Alfredo Bikondoaren ‘Entre el cielo y la tierra una eternidad’ obra Zumaiako San Telmo ermitan egongo da

Baleike.Eus 2017ko ekainaren 16a

Juan Ramon Llavorik hasitako 'Peregrinatio' proiektuaren barruan jarri dute.

Alfredo Bikondoaren 'Zeru-lurren artean betikotasun une bat' obra jarri dute Zumaiako San Telmo ermitan. (Baleike.eus) Juan Ramon Llavori zumaiarrak, 1999an Donejakue bidea lehen aldiz egin zuenean, sortu zuen Peregrinatio proiektua. Hori erromes bideetan eta haien bizipenetan oinarritutako diziplina anitzeko erakusketa proiektua da. Horren barruan, gaur goizean Alfredo Bikondoaren Entre el cielo y la tierra una eternidad margoa jarri du Zumaiako San Telmo baselizan. "Nire esperientzia pertsonal propiotik eta argazkilaritza lanetik abiatuta, hainbat artista ezagutzeko aukera izan dut. Hala, Peregrinatio proiektuan parte hartzeko gonbita egin diet hainbat artistei, izan ere, beti uste izan dut hobe dela artelan bat publikoan izatea gordeta baino", adierazi du Llavorik. Bide horretan, Bikondoaren obra hori San Telmo ermitan izango da ikusgai. "Bizitzan bide asko daude, ez bakarrik Donejakueko bidea, eta bide horiek mugitu egiten dute mundua. Horri esker uste dut lortu dugula mundua txikiagoa izatea", adierazi du. Bikondoaren obran, gurutzean dagoen Jesus agertzen da. "Baina Jesus argi bat da, biolentziarik gabekoa. Lasaitasuna irudikatzen du, eta espiritualitateari laguntzen dio", gaineratu du. Gurutzearen esanahia Bikondoak bere aldetik, bat egin du Peregrinatio proiektuak islatzen dituen ezaugarriekin: barne bidaia eta aszesi espirituala. Hain zuzen ere, zeinu erlijiosoei erreparatu baino, espiritualitatean geldiunea egitea gustatzen zaio artista donostiarrari. "Gurutzeari eman nahi nion garrantzia. Gurutzea marra horizontal eta bertikal batek osatzen du. Horizontala eboluzioa da, eta bertikala berriz iraultza. Gizakia, aldiz, erdian dago", aipatu du margolariak. Obraren oinarria egurra da, eta azalean hainbat material erabili du, marmola, esaterako. "Ez da pintura bat, zizelatutako obra bat da", gaineratu du. Artistarentzat garrantzitsuena eduki espirituala lanean islatzea da. Zumaiako San Telmo kitaldia Maria Zubimendi akordeoi joleak ireki du, eta ondoren, Oier Korta Zumaiako alkateak hartu du hitza, eta Bikondoari eskerrak eman dizkio egindako lanagatik eta ekarpenagatik. "Benetan irudi ikusgarria da eta ermita erabat janzten du", gaineratu du alkateak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide