Traineruak lehiatzeko prest

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 15a

Zarauzko estropada. (Amaia Ventas) Estropaden sasoia hasiko da asteburuan. KAE 1, KAE 2 eta Emakumeen Gipuzkoako Traineruen ligak abiatuko dira. Gizonezkoen maila goreneko TKEko Eusko Label ligakoek uztailaren lehenean abiatuko dute denboraldi berria, Bilbaoko Bandera jokatuz, Bilbon. Liga nagusi horretan Urola Kostatik Orio bakarrik lehiatuko da. KAE 1 ligakoek igandean dute denboraldiko lehen estropada, Santuntzin (Bizkaia), 12:00etan; Santurtziko XXXVIII. Ikurrina- Mahala Sari Nagusia jokatuko dute. Eskualdeko gizonezkoen lau traineruk parte hartuko dute liga honetan: Getariak, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak, hain zuzen ere. Horrek saltsa berezia emango dio arrauneko sasoiari. Etxeko lau taldeek, Arkote, Deustua-Bilbao, Donostiarra, Hondarribia, Isuntza, Itsasoko Ama, Pedreña eta Portugalete traineruak izango dituzte aurkari. KAE 1 liga indarra hartuz joan da azken urtetan, eta gaur egun goi mailako estropadak jokatzen dituzte. Zumaian, kontuak zailak Zumaiako Telmo Deunekoak aurreko denboraldian TKE maila galdu zuten, eta aurten KAE1ean ariko dira. Gainera, gizonezkoetan ontzi bakarra izango dute lehian; KAE 2 liga jokatzeko trainerurik ez dute osatu Zumaiako arraun elkartekoek. Lehen traineruarekin ere nahiko lan izango dituztela azaldu du Patxi Frances Telmo Deunen entrenatzaileak: «Aurten ez dugu bizkarrezurrik, ezta ezer ere. Bi arraunlari batu dira trainerura laguntzeko, baina martxan jartzeko ilusio puntu bat edo jarraipena behar dira. Ditugun armekin ari gara lanean, eta armak urriak dira». Aurreko denboralditik hona arraunlari askok utzi du Zumaiako ontzia, «bajak ugari eta oso garrantzitsuak izan dira», esan du Francesek. Arraunlari horiek utzitako hutsuneak bigarren ontziko arraunlari batzuekin bete dituzte. Horregatik guztiagatik, «denboraldia oso zaila» espero du Zumaiako entrenatzaileak. Getarian, gazteak ilusioz KAE 1 ligako Getariako Esperantza ontzian ere aldaketak izan dira aurreko denboralditik: zortzi arraunlariren bajak izan dituzte. Trainerua jubeniletatik igotako arraunlariekin osatu dute, denak getariarrak. «Orain, gazte horiek trainerura jartzeko, pazientzia eduki beharko dugu denbora batean. Gu saiatuko gara lan ona egiten», adierazi du Gorka Etxeberria Getariaren entrenatzaileak. Hala eta guztiz ere, jende berri hori ilusio handiarekin ari dela azpimarratu du, «eta hori traineruarentzako pizgarri bat da». Lehiak berak jarriko du Getaria bere lekuan, hala dio Etxeberriak: «Aurreneko lau-bost estropadetan ikusiko dugu nola ibiltzeko moduan garen». Sasoi-aurreko estropadetan ikusi dutenaren arabera, hiru bat traineru maila onean daude: «Donostiak, Santurtzik eta Lekeitiok ondo jardun dute, eta gainontzeko traineruak hortik atzeragoko multzoan jardungo dugula pentsatzen dut. Estropada batean hirugarren edo laugarren egitea edukiko dugu, baina igoal bederatzigarren ere bai». Zarautz, hasteko gogoz Estropadekin hasteko «irrikaz» daude ZAE Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariak, «jakin-minez eta lehiatzeko gogoz gaude», azaldu dute. Larunbatean hasiko duten denboraldi berrian «koska bat gora egitea» da Zarauzkoek jarri duten helburua, hala azaldu du ZAEko batzordekide Gaizka Garmendiak. Zarauzko traineruan ere aurreko denboraldiko arraunlari batzuek ez dute jarraituko. «Iaz hemeretzi arraunlari ginen, talde luzea, baina aurten alderantzizkoa gertatu zaigu: hainbatek ez jarraitzea erabaki zuen, bat edo beste beste talde batetara joan da, eta hamabost lagunekin egin dugu neguko denboraldia. Orduan, bloke horrek aukera eman digu arraunketa nahiko sendoa egiteko». Gizonezkoen traineru nagusia osatzeko, jubeniletatik hiru arraunlari igo dituzte. Talde gaztea du ZAEk, eta gehienak harrobikoak ditu. Iaz, gazteekin ohitua zegoen entrenatzaile bat nahi izan zuten, eta ardura hori Anjel Larrañaga tolosarrari eman zioten. Aurten, bigarren denboraldia izan du Zarauzko trainerua prestatzeko lanean, eta hori «abantaila bat» dela iritzi diote elkartetik. Ligako talde indartsuenak Deustua, Santurtzi eta Donostia direla uste du ZAEkoak; izan ere, «diru dezente inbertitu dute, eta TKEko arraunlariak erakarri dituzte haiengana». Horiek beste maila batean ikusten dituzte, «gurea ez dena». Baina «itxaropena eta ilusioa» dute bigarren txandan lehiatzeko. «Iaz horren atarian geratu ginen, hortxe-hortxe. Orain, bigarren txanda horretan aritu nahiko genuke, eta ahal denean gure txandan irabazi». Aurtengo helburua dute bosgarrenarengatik edo seigarrenarengatik gertu ibiltzea, nahiz eta gero sailkapenean bederatzigarren gelditu. Gainera, eskualdeko traineruen artean «lehia polita» egongo dela uste du ZAEko kideak. «Ez zait iruditzen lauron artean alde handirik izango denik. Beraz, jardunaldi batean lau horien artean azkenak izan gaitezke, eta hurrengoan, aurrenak. Itxura hori hartzen diot, baina ligako estropadak hasten direnean ikusiko da». Orion, trebatzea helburua Arraunaren sasoi honetan ere, Iñaki Errastik gidatzen du Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bigarren trainerua, Jon Salsamendiren laguntzarekin. KAE 1 ligan lan txukuna egin nahi dute, argi dute, ordea, helburu nagusia arraunlari gazteak traineruan trebatzea eta lehiakortasuna lortzea dutela. «Bi traineru dituen edozein taldetan, bigarrenaren helburua jubeniletatik seniorretara pasatzen diren arraunlariak goi mailarako prestatzea izaten da», azaldu du Salsamendik. Aurten, ordea, Orio Arraun Elkarteak zailtasunak izan ditu bigarren ontzia osatzeko. «Uda guztian zehar uretara aterako den ontzia osatzeko 16-18 arraunlari behar izaten dira, eta aurten kostatu egin zaigu hemezortzi gazte aurkitzea. Horregatik, denboraldi honetarako bigarren trainerua gaztez eta beteranoz osatu dugu». Negu eta udaberri partean batera entrenatu dute Orioko seniorretako gizonezko arraunlari denek, eta lehiaketari begira, ontzi bakoitzak bere bidea hartu du azken asteetan. Dena dela, gustura daude bigarren taldeko arraunlariak eta prestatzaileak, sasoi-aurrekoan Mutrikuko bandera irabazi zuelako Orio Bk.     Orioko nesken trainerua Lekeitioko estropada. (Iñaki Suarez)

Oriok onenekin lehian aritu nahi du sasoi berrian

Emakumezkoen traineruek larunbatean abiatuko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Liga, 11:30ean Deustuan, II. Emakumeen Bilboko Bandera jokatuz. Hamar traineru izango dira lehiatuko dutenak, eta horietatik bakarra eskualdekoa: Orio. Gainontzekoak dira: Pasai Donibane Koxtape, Hibaika, Hernani, Arraun Lagunak, Kaiarriba-Donostiarra, Deustua, Portugalete, Lea Artibai eta Castreña. Aurreko denboraldian lehian aritu zen Getaria-Zarautz trainerua ez dute osatu. Zumaiak, berriz, azken unean esan du ez duela lehian parte hartuko; iaz ere Telmo Deunek ez zuen emakumezkoen trainerurik uretaratu. Abuztuaren 27an bukatuko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Traineruen Liga, Gipuzkoako Arraun Federazioak antolatutako estropada batean. EuskoTren liga jokatzeko sailkatzen diren taldeek, berriz, bi txapelketak uztartuko dituzte denboraldian zehar. Uztailaren 8an eta 9an hasiko dute emakumeen traineruek Euskotren Liga, Orioko eta Donostiako sailkatze estropadekin. Sentipen onekin hasiko du liga Orioko traineruak. Ez da gutxiagorako, hilaren 11n, sasoi-aurrekoan bete-betean zeudenean, Lekeitioko Bandera irabazi zuten. Hibaikaren aurretik sartu ziren helmugara, bandera eskuratuz. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, Santi Zabaletak entrenatzen duen taldean hainbat aldaketa egon dira; dena den, arraunlariak «gogotsu eta indartsu» daudela azaldu du Zabaletak. «Aurreko denboraldiko taldetik bost baja ditugu, eta beste hainbeste arraunlari berri gehitu zaizkigu taldera. Berri gehienak aurretik traineruan esperientzia dutenak dira. Horiez gain, badugu aurten jubeniletatik igo den arraunlari gazte bat ere». Azaroan abiatu zituzten entrenamenduak Orioko emakumeek, eta hilabete hauetan «lan txukuna» egin dute estropaden denboraldi berrirako prestatzeko. «Gaur egun, ia egunero traineruarekin uretara ateratzen gara, eta lehiaketara bideratutako entrenamenduetan murgilduta gaude». Behetik gorako bilakaera Aurreko denboraldian egindako bideari jarraitu nahi dio entrenatzaileak. «Nire lehen helburua taldea goi mailan jokatzeko trebatzea izan da. Badakit aurkariak, batez ere San Juan eta Hibaika, oso indartsu daudela». Oriok «salto kualitatibo» bat eman duela uste du entrenatzaileak, eta onenekin lehian aritu nahi du udan. «Iaz maila polita eman genuen eta bide horretan jarraitu nahi dut».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide