Kalera Martxa aurkezteko, 338 eskuoihal jarri dituzte Zarauzko hondartzan, Munoa parean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
338 eskuoihal huts kokatu dituzte gaur Zarauzko hondartzan, Munoa parean. Preso politiko bakoitzeko bana. Irudi horrekin aurkeztu du gaur ezker abertzaleko Kalera Kalera dinamikak euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko ekimen berria: Kalera Martxa. Mikel Urdangarinek eta Oihana Garmendiak azaldu dutenez, "berandu baino lehen preso bakoitza dagokion eskuoihalean egotea" nahi dute, "kalean eta gurekin".
Ekimen berriaren helburua da zortzi egunez Euskal Herriko hainbat herri zeharkatzea, "elkartasunezko eta maitasunezko aldarri hori zabalduz". Hala, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako errepideak eta herriak gurutzatuko dituzte oinez, trenez eta itsasontziz, zortzi etapa osatuz, gehienak kostaldetik. Uztailaren 20an Gernikan hasiko dute martxa eta uztailaren 27an Lakuntzan amaituko dute.
Tartean, eskualdetik igaroko da Kalera Martxa: uztailaren 24ean, astelehenean, helduko da Debatik Zumaiara, mendiz, eta ondoren Getariara iritsiko da. Hurrengo egunean, uztailaren 25ean, asteartean, Getariatik abiatuz Zarautz gurutzatuko dute, Hernani aldera jotzeko gero. "Bide batez, ahaleginduko gara festa, martxa eta borroka uztartzen", nabarmendu du Urdangarinek. Zentzu horretan, hainbat jardunaldi kultural eta musikal izango dira etapa bakoitzean.