Denboraldi bikaina osatu du Bidasoan, eta ezustean, selekzio absolutuarekin lagunarteko partida bat jokatzeko deitu dute. (Baleike.eus)
Denboraldi amaiera ezin hobea osatu du Kauldi Odriozolak Bidasoan. Duela bi urte Pulpo utzi eta Irungo taldearekin bigarren mailara egin zuen jauzi. Denboraldi bikaina osatu ondoren, aurten Asobal ligan jokatzeko txartela eskuratu zuten. "Garbi neukan etxetik gertu nahi nuela jarraitu, eta ikasketak ere hemen egin nahi nituela. Bidasoak aukera ona eskaini zidan, eta eskuartean zuten proiektua gustatu zitzaidan. Bigarren mailan jokatzera joan nintzen, lehenengo mailara igotzeko aukerekin", gogoratu du.
Hala izan zen, irundarrek Asobal ligan jokatzeko txartela lortu zuten eta aurten lehen mailan lehiatu dira. Denboraldi honetako helburua maila mantentzea izan da, eta azken-aurreko jardunaldian lortu zuten. "Zazpi partidaren faltan 21 puntu genituen, eta azken urteetan maila mantentzeko nahikoak izan dira. Baina dinamika txar batean sartu eta partidak galtzen hasi ginen", adierazi du.
Azken partida hauetan Odriozolaren golak erabakigarriak izan dira. Ligako lehen bueltan lesioek ez diote askorik lagundu, baina bigarren buelta ederra osatu du. "Jarraikortasuna galdu nuen, jokatzen hasi eta lesionatu egiten nintzen. Zuntz hausturak, batetik; bizkarreko arazoak, bestetik... Baina bigarren bueltan lesioek errespetatu naute, eta azkenean, denboraldia oso ondo jokatzen amaitu dut".
Batez beste, hamar gol sartu ditu partida bakoitzean, eta hainbat kasutan erabakigarriak izan dira. Hala ere, Cuencako Liberbank Ciudad Encantada taldearen aurka jokatutako partidan sartutako hamabi golek ez zioten askorako balio izan. "Denboraldiko portzentaia onena lortu nuen. Hamahiru saiakeratik hamabi sartu nituen, baina 33-34 galdu genuen. Azkenean, ez zuten ezertako balio izan sartu nituen gol guztiak. Pertsonalki, nire errendimenduarekin gustura amaitu nuen, baina taldearentzat ez zen emaitza ona izan".
Beste urtebeteko kontratua du Bidasoarekin, eta hurrengo denboraldiari begira, maila mantentzeaz haratagoko helburuak izango dituztela uste du. "Asobal ligan esperientzia gabeko jokalari dezente aritu gara, eta nahikoa izan dugu maila eustearekin. Hurrengo urteari begira esperientzia gehiago izango dugu, eta fitxaketa berri batzuk ere egin nahi dira. Beraz, beste helburu batzuk izango ditugu".
Juniorrekin mundialera
Azken urtez, Espainiako junior mailako selekzioarekin jokatzeko aukera izango du zumaiarrak. Aurten, gainera, Aljerian jokatuko den Munduko Txapelketan lehiatuko da, azken orduan deitu duten Ander Torriko herrikidearekin batera. "Albiste ona da, txikitatik elkarrekin jokatu dugu, elkarrekin joan gara eskolara, eta kuadrillakoak gara", nabarmendu du.
Asteartean hasi ziren prestaketa lanekin Petrerren (Alacant). Bertan bost egun pasa ondoren, atsedenerako egun batzuk hartu eta ekainaren 23tik 29ra Madrilera joango dira; eta ekainaren 30etik uztailaren 2a bitartean Airport Trophy txapelketan jokatuko dute Zurichen (Suitza). Handik bueltan, Tunisiaren aurkako lagunarteko partida bat jokatuko dute, eta uztailaren 13tik 30era Aljerian izango dira, Munduko Txapelketan lehiatzen.
Lehenengo faseko taldean selekzio hauen kontra arituko dira: Tunisia, Mazedonia, Brasil, Burkina Faso eta Errusia. «Nahiko talde ona tokatu zaigu, eta lehenengo lauretan sailkatzeko konplikaziorik ez dugu izan behar», azaldu du. Sei selekziok osatutako lau multzotan banatzen da txapelketa, eta lehenengo fasean, talde bakoitzeko lau selekziok egingo dute aurrera. Ondoren, final zortzirenak, final laurdenak, finalerdiak eta finala etorriko lirateke. "Gure helburua da finalerditan sailkatzea eta domina bat eskuratzea, hau da, lehen hiru postuetan amaitzea".
Iaz, Europako txapeldun izatea lortu zuen Torrikorekin batera. Alemaniaren aurka jokatu zuten finala, eta bategatik irabazi zuten. Duela bi urte, berriz, Errusian jokatu zen Munduko Txapelketan laugarren izan ziren. "Arantza kendu nahi dugu".
Juniorrekin jokatu ahal duen azken urtea da Odriozolarentzat. Aurrerantzean, selekziotik deituz gero, absolututik izan beharko du. "Oraingoz behintzat oso zaila ikusten dut", aitortu zuen pasa den astean egin zitzaion elkarrizketan. Bien bitartean, nagusien selekzioko hautatzaile Jordi Riberak deitu du igande honetan lagunarteko partida bat jokatzeko. "Aukera aprobetxatu nahi dut", azpimarratu du.