Maider Oleaga, grabaketaren une batean, bere etxean. (Maider Oleaga)
Elbira Zipitria zein zen ere ez zekien Maider Oleagak hura bizi izan zen etxera iritsi zenean. Etxejabeak aipatu zion frankismoan eskola klandestino bat ireki zuela Zipitriak. "Kuriosoa iruditu zitzaidan arren, ez nion garrantzia gehiagorik eman. Baina behin etxean nengoela horrelako ziztada bat sumatu eta pentsatu nuen: hemen izan zen dena". Horrek bultzatu zuen zinemagile gasteiztarra Zipitriari buruzko dokumentala egitera.
Elbira Zipitria Zumaian jaiotako irakasle eta pedagogoa izan zen. Bizitza guztia euskal kultura eta euskara babesteko lanean jardun zuen. Gaztetan, familiarekin batera, Donostiako Fermin Calbeton kaleko 26 zenbakiko 2. solairura joan zen bizitzera. Bertan lehenengo euskal eskola klandestinoa sortu zuen. Oleagak
Ira 26-2 izena jarri dio grabatzen ari den dokumentalari. "Elbirak
El Día egunkariko euskara sailean idazten zuen, eta bere artikuluak Ira bezala sinatzen zituen. Horretaz gain, gutun batzuetan ere izen hori ikusi nuen, eta bere inguruko jende askok ere horrela deitzen ziola aipatu zidaten", kontatu du Oleagak. 26 eta 2 zenbakiak, berriz, filmaren abiapuntua dira: etxeko atariko zenbakia eta pisua.
Ikerketa prozesu luzea izan du Oleagak. "Zipitriari buruzko hiru liburu topatu nituen. Horietako baten idazlearekin egon nintzen, eta hortik jarraituz, Elbiraren ikasle izan ziren batzuk ezagutu nituen. Esaterako, Kontxita Beitia eta Mari Carmen Mitxelenarekin egon nintzen, Elbirarekin magisteritza praktikak egin zuten bi emakumerekin", adierazi du. Bizitza nahiko misteriotsua izan zuen Zipitriak, eta ikerketa prozesuan ez du bere bizitza intimoaz hitz egiteko jende askorik aurkitu. "Ez zuen familiarik izan, oso lagun gutxi izan zituen eta alde horretatik nahiko zaila izan da".
Emakume polifazetikoa
"Oso anitza da bere bizitza eta baita bere nortasuna ere", baieztatu du Oleagak. Zipitria oso aurreratua izan zen bere garairako. Politikaria izan zen eta Euzko Emakume Abertzaleen Batzan mitinak ematen aritzen zen; momentu hartan, esparru publikoan emakumerik ibiltzen ez zenean. "Gazte denboran oso ekintzailea zen, eta herriz herri joaten zen herritarrak euskararen eta euskal kulturaren garrantziaz kontzientziatzera". Politikaria izan zenez, erbesteratua izan zen eta Saran egon zen. Intelektual askorekin izan zuen harremana: Aitzol, Orixe, Labaien anaiak…
Beka bati esker, magisteritza ikasketak burutu zituen eta Donostiako lehenengo euskarazko eskolan klaseak ematen hasi zen. 36ko gerraren ondoren, etxera bueltatu zen eta eskola partikularrak ematen hasi zen etxez etxe. "Ausardia izan zuen erbestean egonda berriro ere etxera bueltatzeko, baina halakoxea zen Ira", dio Oleagak.
Baina, etxean bertan eskola jartzea pentsatu zuen, ume gehiagorengana iristeko. Euskara irakasteaz gain, zekitenak alfabetatzen ere egiten zuen lan. "Euskaltegien sorburua hemen dagoela esan dezakegu. Gauetan helduak joaten zitzaizkion, gehienak euskaldunak, baina beraien euskara lantzera joaten ziren. Gainera berak sortu zuen Nor-nori-nork sistema", aditzera eman du zinemagileak.
Pedagogia eredu aurrerakoia erabili zuen. Izan ere, irakasgaien memorizazioa landu beharrean, esperientziatik irakasten zuen. "Ez da ahaztu behar feminista ere bazela. Oso kristaua zen eta oso abertzalea, baina feminista bere garairako".
Crowfunding bidez
Maiatzaren 27an hasi ziren Ira 26-2 dokumentala grabatzen. Donostiako etxean hartu dituzte irudi nagusienak, baina Zipitriaren jaiolekuan ere jaso zituzten irudi batzuk; Narrondon, hain zuzen ere. Urgull mendia ere beste agertoki garrantzitsu bat da. "Astero joaten zen umeekin hara eta toki berezia zen", kontatu du.
Dokumentalak forma berritzailea izango du, esperientziala. "Filma egiteko bilatu ditudan moduak Elbirarengan aurkitu ditut. Bere pedagogia umeen esperientzian oinarritzen zen, eta horrek bultzatu nau pelikula ere nire esperientzia propiotik abiatzea", aitortu du Oleagak.
Dokumentalaren finantziazioaren zati bat
crowfunding bidez osatzeko asmoa du zinemagileak. 6.000 euroko diru bilketa hori Verkami webgunearen bidez ari da gauzatzen, eta bi egun bakarrik geratzen dira ekarpenak egiteko. Parte hartu nahi duenak bertan aurkituko ditu eman beharreko pausoak, eta ematen den diru kopuruaren arabera hainbat abantaila edo sari izango ditu: dokumentalaren kamisetak, estreinaldirako gonbidapenak…
Laster amaituko dira grabaketak, eta, ondoren, 2-3 hilabetetako postprodukzio lana izango du gasteiztarrak. "Estreinaldia urte bukaeran izango da, baina oraindik ez dut argi noiz izango den", esan du.