Donostiako Rekalde tabernan izan zen aurkezpena, eta zumaiarrarekin batera izan ziren Andoni Egaña (lanaren editorea), Unai Iturriaga (liburua ilustrazioz jantzi duena) eta Marta Agirrezabala (Lanku Kultur Zerbitzuen ordezkaria).
80ko eta 90eko hamarkadak bertsolaritzaren eraberritze sakon baten hasiera izan ziren. Andoni Egañak azaldu bezala, "bertsolari asko atera ziren garai hartan, genero eta herrialde ezberdinekoak". Bertso eskoletako lehen bertsolari gazteak plazetara iristen hasi ziren neurrian, bertsolaritza erdal eremuetan sartzen hasi zen, beste kultur adierazpen batzuekin harreman artistikoak sortu ziren eta horrela, gaur ezagutzen dugun bertsolaritzara iritsi arteko eboluzioa hasi zen.
Garai horretako esperientzian oinarritutako liburu autobiografikoa da Jon Maiak aurkeztu duena. Bizipenak eta hausnarketak tartekatzen ditu, egileak berak "lehenengo bertsolari in vitroen belaunaldia" deritzonaren bizipenak eta kezkak hainbat gaietan islatuz: jardun artistikoa, identitatea, tradizioa eta modernitatearen arteko talka, hizkuntzarekiko esperientzia pertsonala, politika, giza-harremanak… "Bertsolaritzaren historiaren apalategian horrelako liburu bat egon zedin nahi nuen: autobiografikoa, hausnarketa ere badu, poesia, ilustrazioak...". Unai Iturriagak egin dizkio ilustrazioak liburuari: "Jon Maiarengandik asko duen arren, belaunaldi oso baten ingurukoa ere bada, guri buruz ere ari da". Iturriagak ilustrazioekin umore ukitua eman dio liburuari. "Nire buruaz barre egiteak asko saneatzen du liburua, eta horixe egiten utzi diot Unairi. Liburuan agertzen diren pertsona guztiak ere kariñoz tratatu ditut", agertu du Maiak. Liburuaren hitzaurrea belaunaldi kide den Igor Elortzak egin du.
"Liburuaren lehen aipamena Xenpelarrek idatzi zuen 'jaioko dira berriak' horretatik dator, eta nik diot liburu honekin baietz, jaio ginela berriak eta ez hori bakarrik, berri jaio ginela, aurreko tradiziorik gabe, bertso-eskolatik pasatuta, bertsolaritzaren inguruko hainbat figura sortzen dituen fabrika hartatik", azaldu du Maiak.
Hurrengo aurkezpenak
Euskal Herriko hainbat tokitan aurkeztuko da Berriak jaio ginen liburua. Ekainaren 13an Donostiako Elkar dendan solasaldia eskainiko du Jon Maiak, Amets Arzallus gidari dela; eta, hurrengo egunean, Gasteizko Oihaneder etxean aurkeztuko dute. Ekainaren 19an Iruñeko Katakraken Julio Sotok gidatutako aurkezpena eta solasaldia izango dira, eta hurrengo egunean Bilbon errepikatuko dute Joxerra Bilbaok gidatuta. Ekainaren 22an Baionako Elkar saltokian aurkeztuko dute, eta ekainaren 26an egilearen etxean, Zumaiako Alondegian; ordukoan solasaldia eskainiko du Jon Maiak, Juanito Dorronsoro lagun duela.
Liburua www.lanku.eus atarian eskura daiteke 20 euroren truke eta baita ohiko saltokietan ere.