Hondartza denboraldia ireki dute gaur, Orioko Antilla hondartzan. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Gaur Ozeanoen Nazioarteko Eguna da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko hondartza denboraldia ireki du, Orioko Antilla hondartzan. Agerraldian parte hartu dute Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok. Azken horrek aurtengo udan Gipuzkoako hondartzetan izango diren hobekuntzak azaldu ditu.
Kostasystem
Kostasystem bideo-monitorizazio sistema martxan jarriko dute aurtengo udan. Bi lan ildo izango ditu sistema berriak, hondartzen erabilerari eta egoerari buruzko informazioa eskainiko baitu.
Alde batetik, erabiltzaile kopuruari buruzko informazio zehatza eskainiko du Kostasystemek. Horri esker, eskarira egokitutako baliabideen banaketa egokia egin ahal izango dutela uste du Ingurumen diputatuak
Bestetik, sorosleentzat lagungarri izan dadin arrisku gunea aurreikusiko ditu sistemak; aurten proiektu pilotua Zarauzko hondartzan martxa jarriko dute. Izan ere, Zarauzko hondartzan AZTIk kudeatzen duen kamera bat dutela azaldu du diputatuak, eta horri esker aldez aurretik olatuen, itsas korronteen eta itsasaldien inguruko informazioa jasoko dute sorosleek. Asensio diputatuak adierazi du, horrek "arrisku guneak identifikatzeko eta bainu seguruagoa bermatzeko aukera" emango diela sorosleei. Ekimena hurrengo urtetan gainontzeko hondartzetara zabaltzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Hondartzen garbiketa indartu
Ingurumen diputatuak jakinarazi du garbiketa zerbitzuan hobekuntzak egingo dituztela aurtengo udan. Gipuzkoako Foru Aldundiak hondartzen garbiketa maiztasuna handituko du, eta zerbitzua indartu. Horretarako, hondartzak garbitzeko makinaria berria erosi dute, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak eskuratu dituzte, ohiko ibilgailuek baino gutxiago kutsatu dezaten. Gainera, hondakinak bereizteko sistema hobetuko dute.
Horrez gain, Gipuzkoako hondartza guztietan
Gure hondartzak zaindu ditzagun sentsibilizazio kanpainak egingo dute udan zehar.