Iñigo Peña
Belgrad-Istanbul-Madril, eta BERRIAren telefono deia. "Leher eginda nago, baina oso pozik". Ez da gutxiagorako, Iñigo Peñaren (Zumaia, Gipuzkoa, 1990) kirol ibilbidea asko aldatu baita azken hilabeteetan. Iaz, Rioko Olinpiar Jokoetan, bosgarren izan zen K4ko —lau kideko kayaka— 1.000 metroko proban, Espainiako selekzioarekin. Baina nazioarteko piraguismo federazioak olinpiar egutegitik atera du haren proba kutuna. Apirilean hasi zen K2ko 1.000 metrokoan, Francisco Cubelosekin batera, eta ezusteko oso gozoa hartu du. Hasieratik, oso ondo elkar hartu dute; Munduko Kopako bi proba irabazi, eta munduko marka hobetu dute: 3.05,624.
Arrakasta berehala iritsi zaizue. Munduko Kopako bi proba hasteko, Szegen (Hungaria) eta Belgraden, eta bietan urrea. Ez zenuten halakorik esperoko…
Egia esan, ez. Ondo ibiliko ginela uste genuen, dominen lehian agian, baina Munduko Kopako lehen probara iritsi, irabazi, eta munduko marka haustea... Esan genuen, «Aizu, nola gauden!». Maila izugarria zegoen, gainera: olinpiar pila bat. Inoizko mailarik handiena izan duen Munduko Kopako proba zela esan ziguten.
Besteak beste, atzetik utzi dituzue alemaniarrak, iaz olinpiar txapeldun izandakoak, eta australiarrak, podiumera igo zirenak.
Bi alemaniarrak Rio de Janeiron K4a irabazi zuen ontzian zihoazen, eta gure atzetik egon ziren Belgraden. K2 hori oso indartsua izango da olinpiar ziklo osoan; izugarrizko maila dute, eta guk ia segundo bat atera genien. Inoiz ez nien irabazi: lehen aldia izan da!
Jarraitu elkarrizketa irakurtzen
Berrian.