Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alokairu beka izeneko ekimena proposatu berri du Zumaiako Udal Gobernuak. Batez ere ikasleei zuzenduta dago, eta helburua du alokairu partekatua sustatu eta herriko gazteei emantzipazio eta etxebizitza aukera berriak eskaintzea.
Gazteek laguntza eskaera bateratua aurkeztu ahal izango dute. Eskari horiek indibidualek baino diru laguntza handiagoa jasoko dutela diote. "Gaur egun, ikasle eta gazte askok, ordu gutxiko edo asteburuetako lanak izaten dituzte eta irabaziekin ezin dute bere kasa emantzipatu, ez baitira horrelako programek eskatu ohi dituzten gutxieneko diru sarreretara iristen".
Ekimen honen bitartez, ordea, "gazteen emantzipazioa errazteko eta alokairu partekatua sustatzeko apustuan", eskaera bateratua aurkeztuta, alokairuaren %65-75a ordaintzeko diru laguntza ematea planteatu du gobernuak. "Aztertu ditugun gainerako herrialdeetan, gehienez ere alokairuaren %50a ordaintzeko laguntzak eskaintzen dira. Zumaian, kostako herria izanik, alokairuak barnealdeko herrialdeetan baino garestiagoak dira, beraz, gazteen mesedetan, kopuru hori igotzea proposatu dugu", gehitu du gobernu taldeak.
Gazteen artean kontratu bidezko enplegua bultzatu nahi dutela adierazi dute Udal Gobernu kideek. "Zumaiako gazteei etxebizitza aukera berriak eskaini nahi dizkiegu, eta horretarako ezinbestekoa da kontratu bidezko enplegua sustatzea, horiek ordu gutxikoak edo asteburuetakoak badira ere", gehitu dute.
Datozen asteotan oinarriak eta gainerako ezaugarri guztiak zehaztu eta proposamena uztaileko udalbatzarrean onartzea aurreikusi du gobernuak. Behin prozedura hori itxita, behin betiko programaren xehetasunak azalduko ditu.