Zumaiako Algorriko lur sailak erosiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Baleike.Eus 2017ko ekainaren 6a

Algorrin segurtasuna bermatzeko bidezidorrean lan batzuk egiteko asmoa du Aldundiak

Zumaiako Algorri.(Baleike.eus) Zumaiako Algorriko bidezidorra eta horren ingurunea erosiko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erosi beharreko landa lur sailak 17.861,50 metro koadro neurtzen ditu, titulartasuna hamabost jaberen artean dago banatuta eta erosketa prezioa 69.000 eurokoa izango da. San Telmo ermitatik Algorriko Puntaraino igarotzen da bidezidorra, eta hortik Kalaraino jaisten da eskailera batzuen bitartez. Gipuzkoan jende gehien ibiltzen den inguruneetako bat da.
Aldunditik adierazi dutenez, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak, Biotopo Babestuaren organo kudeatzaileak, proposatu du bidezidorrean lan batzuk egitea, oinezkoen segurtasun fisikoa hobetzeko, eta, era berean, ibilbide horretako ingurumenean sor daitezkeen kalteen ondorioak saihesteko. Honako lanak egitea jaso dute aldundikoek: bidezidorra egokitzea, begiratoki bat eta K/T mugaren interpretazio-atari bat jartzea eta seinale eta informazio panel berriak jartzea. "Natura, geologia eta erabilera publikoaren ikuspegitik hain berezia den leku bat derrigorrez babestu behar da, bere balioak gutxitzea ekarriko lukeen edozein jardueratik", adierazi du Imanol Lasa foru bozeramaileak. Deba-Zumaia itsasertzeko zatiaren interes geologikoa handia da, eta oso berezia da nazioarte mailan, mareartekoak duen zabalerarengatik, flysch materialen higadura desberdina delako, eta Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko trantsizioa oso argi markatzen duen zerrenda bat dagoelako. Eremu horretan, Zumaiako Algorriko Puntak eta Kalak  K/T mugaren (Kretazeo/Tertziario trantsizioa) mundu mailako erreferentziako sekzioetako bat osatzen dute. Muga hori markatzen duen iridioan aberatsa den buztinaz gain, bi adin geologikoen arteko trantsizioa karakterizatu zuten gertaera paleontologiko desberdinen erregistro konplexu bat dago.  Zerrenda hori, halaber, Euskal Kostaldeko Geoparkearen zatia da, eta Europako Geoparkeen Sarean eta Munduko Geoparkeen Sarean sartuta dago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide