Bide horretatik, gazteek laguntza eskaera bateratua aurkeztu ahal izango dute, eta eskari horiek indibidualek baino diru laguntza handiagoa jasoko dutela adierazi dute Zumaiako Udaletik. "Gaur egun, ikasle eta gazte askok, ordu gutxiko edo asteburuetako lanak izaten dituzte, eta irabaziekin ezin dute beren kasa emantzipatu, ez baitira horrelako programek eskatu ohi dituzten gutxieneko diru sarreretara iristen", adierazi du gobernu taldeak.
Alokairu Beka-ren bitartez, ordea, gazteen emantzipazioa erraztu eta alokairu partekatua sustatzeko apustuan, eskaera bateratua aurkeztuta, alokairuaren %65-75 ordaintzeko diru laguntza ematea planteatu du gobernuak. "Aztertu ditugun gainerako herrialdeetan, gehienez alokairuaren %50 ordaintzeko laguntzak eskaintzen dira, baina, Zumaian, kostako herria izanik, alokairuak barnealdeko herrietan baino garestiagoak dira; beraz, gazteen mesedetan, kopuru hori igotzea proposatu dugu", adierazi dute udaletik.
Ildo beretik, ekimen horrekin gazteen artean kontratu bidezko enplegua bultzatu nahi dutela adierazi dute gobernu kideek. "Zumaiako gazteei etxebizitza aukera berriak eskaini nahi dizkiegu, eta horretarako ezinbestekoa da kontratu bidezko enplegua sustatzea, horiek ordu gutxikoak edo asteburuetakoak badira ere", gehitu dute.
Datozen asteotan oinarriak eta gainerako ezaugarri guztiak zehaztu, eta ekimena uztaileko ohiko udal osoko bilkuran onartzea aurreikusi du gobernu taldeak. Behin prozedura hori itxita, behin-betiko programaren xehetasunak azalduko ditu.