Joxe Mari Korta eta Inaxio Uria omendu ditu Adegik

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 1a

ETAk hildako enpresarien senideek jaso zuten aitortza. (Adegi) Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak Enpresa Eguna ospatu zuen atzo, eta elkartearen 40. urteurrenean, ETAk hildako enpresariak omendu zituzten, Donostian egindako ekitaldian. Besteak beste, Joxe Mari Korta zumaiarra eta Inaxio Uria azpeitiarra oroitu zituzten. "Enpresak aurrera atera eta aberastasuna eta lana sortzea lortu, eta zitalki hil zituzten", esan zuen Pello Gibelalde Adegiko lehendakariak. Gaineratu zuen Gipuzkoako enpresariek "benetako drama pertsonalak eta familiarrak" sufritu izan dituztela. Kortarenak eta Uriarenak ez ezik, Angel Berazadi, Jose Luis Legasa, Jose Maria Latiegi, Arturo Quintanilla, Francisco Arin —Komando Autonomoek hila—, Francisco Arratibel eta Isidro Usabiagaren familiek ere jaso zuten aitortza. Horrez gain, "mehatxua eta xantaia" jasan zuten enpresariak ere omendu nahi izan zituzten.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide