Maitane Osak larunbateko Gasteizko manifestaziora animatu ditu herritarrak. (Errekaleor)
Larunbatean Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazatik (17:30) abiatuko da manifestazioa
Guk argi daukagu, herria bizirik: Errekaleor defenda dezagun lelo hartuta. Urola Kostatik autobusak antolatu dituzte Gasteizko Errekaleorreko bizilagunekin aldeko mobilizaziora joateko. Maitane Osa zumaiarra da auzo horretako bizilagunetako bat.
Beste modu batean bizitzeko gogoa zuelako joan zen Osa Errekaleorrera. Euskal filologia ikasketak egitera joan zen Gasteizera, eta bertan ezagutu zuen auzo horretako proiektua. "2013an ikasle batzuek Errekaleorreko etxe batzuk okupatu zituzten. Ikasleentzat alternatiba bat lortu nahi zuten. Alokairuak oso garestiak ziren, eta okupazio proiektu bat sortu zuten", azaldu du Osak. Hasiera hartan hamabi bat ikasle izan ziren kideak, baina urtebetean izugarrizko gorakada izan zuen auzo proiektuak. "Orduan ezagutu nuen, eta 2015eko maiatzean hartu nuen Errekaleorrera bizitzera joateko erabakia. Egungo sistemaren alternatiba gisa hartu nuen eta bizitzeko beste eredu baten gisa", adierazi du.
"Ez dugu aterik"
Errekaleor auzoa hainbat etxek osatzen dute, eta etxe bakoitzean sei etxebizitza daude. "Hiru solairu ditu bloke bakoitzak, eta pisu bakoitzak bi ate. Hasieran pentsatu genuen binaka edo hirunaka bizitzen jartzea etxebizitza bakoitzean; hau da, bakoitzak bere bizitza eramatea, baina harreman oso estua egin genuen eta komunitatean bizitzen hasi ginen. Gaur egun, zortzi pertsona bizi gara bloke berean. Ez dugu aterik, eta bizitza elkarrekin egiten dugu", kontatu du zumaiarrak.
Maiatzaren 18an argindarra eten zieten Errekaleorrekoei. Ertzaintzaren laguntzarekin, Iberdrolako langileak auzora joan ziren mozketa hori gauzatzera. "Generadorearekin izan dezakegu argindarra, baina hori ere ez da betirako. Orain, auzotar guztiok elkarrekin hasi gara bizitza egiten plazan, Gaztetxean... Lehen eliza zen Gaztetxean bazkaltzen eta afaltzen dugu. Lo egiten, berriz, etxeetan jarraitzen dugu eta bloke bakoitzak erabakitzen du nola antolatu bizitza", azpimarratu du.
Garatu den proiektua
Gaur egun 150 pertsona inguru bizi dira Errekaleorren. Ikasleentzako alternatiba moduan jaio zen proiektu horrek denborarekin garapena izan du, eta egun, perfil askotako jendea bizi da. ""Adibidez, 30 urteko unibertsitateko irakasle bat nire pisukidea da. Eta, urte gehiagoko jendea ere badago, 60 eta 70 urtekoak. Gainera, bi familietan umeak ditugu, eta oraintxe familia batek beste alaba bat eduki du". Errekaleorreko jatorrizko bizilagunak, baina, ez dira dagoeneko han bizi. "Batzuek jarraitu zuten auzoan bizitzen, baina orain dela gutxi kendu zieten auzoan egoteko eskubidea. Dena den, auzoan bizi ez diren arren, beraien elkartasun guztia daukagu, eta askotan etortzen dira bazkaltzera edota ekitaldietara".
Udalaren jarrera
Errekaleorreko auzotarren bizimodua aspalditik egon da kinka larrian, baina Gasteizko Udalak behin betiko onartu du auzoa eraistea. Etxebizitzen segurtasun eza da argudiorik nagusiena. "Hori gezurra da, ez delako inor etorri hori konprobatzera. Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak agindua eman zion Iberdrolari argia mozteko, eta alkateak berretsi egin du erabaki hori. Segurtasunaren izenean moztu dute argia, baina bestelakoa izango da eragina. Badago hemen nahiko sentibera den jendea: adinekoa, adingabekoa, jaioberriak... eta ur bero gabe gaude, garbigailu gabe, argindarrik gabe", nabarmendu du. Eraikin batean argindarraren kontratua zutela azpimarratu nahi izan du Osak, eta bera bizi den blokean ere argindarra ordaintzeko tratu batera iristen saiatu zirela. Errekaleor eraitsita, Gasteizko eraztun berdearen bukaera osatu nahi du udalak. "Baratze ekologikoak jarri nahi dituzte, baina dagoeneko baditugu. Elikadura burujabetza lortzeko jarri genituen baratzeak, eta bertatik jaten dugu".
Udalak bere aldetik, proiektua Aretxabaleta izeneko auzora bideratzea iradoki die. Baina proposamena ez dela fidagarria aipatu du Osak. "Ez ziguten erakutsi ez dokumentaziorik ez ezer. Gainera, guk ez dugu ikusten proiektuak han jarraitzea, ez momentuz".
Datozen asteetan zer gertatuko denaren begira bizi dira. Pasa den ostiralean agertu zen artikulu batean aipatzen zen urtebetean auzoa botata egongo dela. "Beldurra edo errespetua badugu, noski. Argi dut proiektua aurrera ateratzeko ahal dudana ematen jarraituko dudala".