Azpeitia eta Azkoitia aurrez aurre, Herriarteko pilota lehiaren final laurdenetan

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 31

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan aurrera egin dute Azpeitiak eta Azkoitiak. Zumaia eta Zestoa kaleratu egin dituzte .Zumaiak zesta puntako partidak jokatuko ditu asteburuan.

Azpeitiko pilotariak, joan den asteburuan, Tolosan. (Ilunpe) Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketan Azkoitiak eta Azpeitiak aurrera egin dute, eta gainera, finalaurdenetako hurrengo norgehiagoka elkarren aurka jokatuko dute, ostiralean, 22:00etan, Azpeitiko Frontoi Txikian. Zestoa eta Zumaia, berriz, txapelketatik kanpo gelditu ziren asteburuan. Azpeitiak Tolosako taldea utzi zuen bidean igandean, 5-1 irabazita. Azpeitian aurreko astean jokatu zituzten joaneko partidak, eta orduan Ilunpekoek 3-0 irabazi zuten. Igandean itzulerakoak jokatu zituzten Tolosan, eta aurreneko partidatik hartu zuten aurrea Ilunpekoek; Alberdi eta Unanue kadeteek 11-22 irabazi zuten. Bigarrena ere aise (6-22) irabazi zuten Iriarte eta Egiguren jubenilek. Odriozola eta Murgiondo seniorrek, aldiz, justu-justu galdu zuten: 22-21. Urola Kostako gainontzeko herrietako taldeek joan den ostiralean jokatu zituzten Herriarteko neurketak. Azkoitiak Asteasuren kontra jokatu zituen itzulerako partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan, eta 4-2 nagusitu zen Azkoitiko taldea. Joanekoan bezala, itzulerakoan ere, kadete eta jubenil mailan nagusitu ziren pilotari azkoitiarrak. Azkoitia eta Uranga kadeteek 22-3 irabazi zuten, eta Cuevas eta Azkoitia jubenilek 22-8. Unanue eta Zendoia seniorrek, berriz, 9-22 galdu zuten. Zestoako taldeari 4 eta 2 gailendu zitzaion Oñati. Joaneko partidetan, 1 eta 2 galdu zuten zestoarrek etxean, eta, itzulerako partidetan, Gelis eta Salegi seniorrek soilik irabazi zioten Oñatiri, 5 eta 22. 22-8 galdu zuten Alonso eta Salegi kadeteek eta 22-4 Zunzunegi eta Olaizola jubenilek. Zumaiak, berriz, 5-1 galdu zion Astigarragako taldeari. Joaneko partidetan 1-2 galdu zuten Zumaiako pilotariek, eta, asteburuan, hiru partidak galdu zituzten: 22-10 Gainza eta Beristain kadeteek, 22-13 Larrañaga eta Etxabe jubenilek eta 22-2 Iriondok eta Iribarrek. Zesta punta Zumaiaren zesta puntako taldea   ere ari da Herriarteko txapelketan parte hartzen. Larunbatean, 17:00etatik aurrera, zumaiarrek Donostiako taldearen aurka jokatuko dute kadete, jubenil eta seniorren mailan, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Zumaiaz gain, Donostiako eta Mutrikuko taldeak ari dira lehiatzen txapelketan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide