Larunbatean aurkeztu zuten Algorrin eskola bideen proposamena. (Gorka Zabaleta)
Bost bide, bere geltoki eta ordutegiekin; bost bide, herriko haurrak eskolara seguru joateko, helduen zaintzarik gabe; bost bide, azken finean, herria erosoago, seguruago eta bizigarriago izan dadin, baita haurrentzat ere. Hori da gurasoak, bi eskolak eta Zumaiako Udala lantzen ari diren proiektuaren lehen emaitza.
Herriko auzo eta gune nagusiak kontuan hartuta, oinezkoen bost ibilbide nagusi diseinatu dituzte, horien gainean proiektua lantzen hasteko. Bide bakoitzak bere geltokiak izango ditu, eta geltoki bakoitzak bere ordutegia. Haurrak geltokietan bilduko dira, eta zehaztutako ordua iristean, elkarrekin abiatuko dira eskolarantz. Tarteko geltokietan haur gehiago batuko zaizkie eta, horrela, multzoka, haurrak elkarrekin joango dira eskolara. Sistema bospasei urtetik gorakoentzat dago pentsatua, eta hasieran txikienek helduen laguntza beharko dutela aurreikusi duten arren –bidea eta sistema ikasi eta konfiantza hartu arte–, helburua da haurrak bidea heldurik gabe egiteko gai izatea.
Aspaldiko kezka
Eskolako sarrera eta irteera orduetan kotxeek eragiten duten arriskua izan da aspalditik gurasoen kezka nagusietako bat. Zumaiako Herri Eskolako gurasoek, esaterako, urteak daramatzate udalari udaltzain gehiago eskatzen bideak zaintzeko, baina udalak ez du nahikoa baliabiderik sarrera-irteera guztiak kontrolatzeko.
Arazoari beste irtenbide bat aurkitu nahian zebiltzala, duela bi urte Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatutako diru laguntza programa baten berri izan zuten Herri Eskolako gurasoek. Haurren osasuna, autonomia eta segurtasuna garatzeko ekimenak laguntzen ditu programak, eta bere barruan hartzen ditu eskolara joateko bide seguruak lantzeko ekimenak. 2015-2016 ikasturtean, egoeraren diagnostikoa egiteko diru laguntza lortu zuten Zumaiako Herri Eskolako gurasoek, eta ekimenera batzeko deia luzatu zieten Maria eta Joseko gurasoei, bi eskolei eta udalari, gaiak herri mailako lanketa eskatzen zuela ikusita. Projekta Urbes enpresako arkitektoen laguntzarekin, iaz aztertu zuten ikasleak nola joaten diren eskolara eta zer arrisku dauden.
Diagnostikoaren arabera, ikasle gehienak oinez joaten dira eskolara, gutxi dira egunero kotxez eramaten dituztenak; baina, oinez joaten direnetatik, askok helduek lagunduta egiten dute bidea, bai behintzat 9-10 urte bete arte. Eta azterketaren bigarren ondorioa da eskola atariak direla arrisku gune larrienak, kotxearekin ia atearen pareraino iristeko joera dagoelako. Haurrak eta kotxeak espazio berean nahasten dira, eta horrela sortzen dira arrisku egoerak –susto bat baino gehiago gertatu da–. Beraz, iazko lanak garbi utzi zuen neurriak bi norabidetan hartu behar direla: alde batetik, bide seguruak diseinatu eta antolatu behar dira, haurrek helduen zaintzarik gabe bidea arriskurik gabe egin dezaten; bestetik, eskola sarrerak leku seguru bihurtu behar dira. Bi lan horiek dira, hain zuzen ere, 2016-2017 ikasturtean landu direnak.
Oraingoz, ibilbideak diseinatu dira, geltokiak zehaztu dira eta ordutegiak ezarri ere bai. Baina oraindik adosteko dago hori guztia nola bisualizatuko den, bideak nola markatuko diren, geltokien seinaleak nola jarriko diren. Hori guztia udalarekin landu behar da alde guztiek osatu duten mahai teknikoan. Gainera, bideak definitiboki zehaztu baino lehen, probatu egingo dira ekainaren 19ko astean, iritziak jasotzeko. Bideak, geltokiak eta ordutegiak mapa interaktibo batean daude ikusgai baleike.eus-en, eta iritzia eman daiteke helbide honetara idatzita:
zumaiakoeskolabideak@gmail.com.
Eskola bideez gain, beste neurri batzuk ere proposatu dituzte, batik bat, eskola atarietan gertatzen diren arrisku egoerak saiheste aldera. Arrisku horiek ekiditeko, hirigintza mailan hartu beharreko zenbait neurri arin proposatu dituzte, bi helburu nagusirekin: autoak polikiago ibiltzea eskola inguruko errepideetan, eta autoak eskola atarietaraino ez gerturatzeko neurriak. Neurri hauek ere mahai teknikoan aztertuko dituzte, udalaren ardura baita hirigintzako neurriak hartzea.
Zaintza kolektiboa
Herriak autoentzat antolatu dira, gaur arte behintzat haiek dute lehentasuna, eta herriaren antolaketa horrek zailtasunak eta arriskuak eragin dizkie oinezkoei edota bizikletan ibiltzen direnei. Horri buelta emateko irizpide garbia dute Projekta Urbeseko arkitekto Patxi Galarragak eta Miren Vivesek: "Aukera osasungarrienak izan behar du errazena, hark izan behar du lehentasuna; osasungarria ez den aukerari zailtasunak jarri behar zaizkio, izan dezala kostu bat".
Aurrerapausoak egin dira, dena den; esate baterako, gero eta bidegorri gehiago daude herrietan, baina gehiegitan zati solteak dira, funtzionaltasun garbirik ez dutenak. "Inork imajinatu al dezake bat-batean eten eta inora ez daraman errepide bat?", galdetu du ironiaz Galarragak.
Badago zer hobetu hirigintzan, baina ez da landu beharreko arlo bakarra. Asko lor daiteke beste esparru batzutan eraginez gero. Larunbatean Algorri Interpretazio Zentroan guraso eta haurren aurrean egin zuten proiektuaren aurkezpenean hausnarketa interesgarria egin zuten Galarragak eta Vivesek: "Gizartea bera aldatu da. Duela 30 urte, gurea bezalako herrietan, kalean zeuden haurren zaintza kontu kolektiboa zen, denon ardura. Gu errazago ibiltzen ginen kalean bakarrik, gurasorik gabe; baina, aldi berean, hamaika begi zeuden begira, bazegoen haurrei arreta jartzeko ardura. Hori zeharo galdu da. Erabat kontu pribatu bilakatu da. Bakoitzak bere haurrak zaintzen ditu, eta jarrera hori ikusten da eskolara joateko orduan ere. Hor eragin behar da. Heldu bat haur batetin, kontu erabat pribatua da; umeak heldurik gabe, gai publiko bihurtzen dira; ingurune zaintzaile bat sortzen da. Zaintza kolektibo hori berreskuratu behar dugu, haurraren onerako, egungo gehiegizko zaintza haien kalterako baita. Eta horretarako gaia ikusgai bihurtu behar dugu. Jendeak ikusi behar du eskolara joateko bide batzuk antolatu direla, seinale batzuk daudela, haurrak multzoka doazela, haurren autonomiak eta segurtasunak lehentasuna dutela".
Zarauzko La Sallek Pedibusa abiatu du ikasleentzat
Zarauzko La Salle ikastetxeak Pedibusa egitasmoa jarri du abian, ikasleek eskolarako bidea elkarrekin egin dezaten. Gisa horretan, ezer gertatzeko aukerak ikaragarri murrizten direla azpimarratu dute, «banakako oinezkoaren aurrean, taldean doanak bestelako segurtasun bat duelako». Ikasleen etxeetatik ikastetxerainoko bideak jasotzen dituzten ibilbideak zehaztu eta sare antzeko bat antolatu dute La Sallen, geltoki guneak zehaztuz eta ordutegiak ere markatuz. Horren harira, Zarauzko espaloietan oinatz markak jarriko dituzte, Pedibusaren ibilbidea zehazten duten seinale gisa.
"Ikasle bakoitzak sare horretan bere haria zein den ikusi, dagokion geltokira adostutako unean gerturatu, eta une horretatik aurrerako ibilbidea bere ikaskide eta lagunekin batera jarraituko du", azaldu dute La Salle ikastetxetik.
Era berean, ikasle zaharrenek txikienak zainduko dituztela gaineratu dute. "Baina, hori baino gehiago ere bada. Eredu bilakatzen diren unean, arduratsuago ere ibiliko direla pentsatzen dugu, Bide Heziketan teoria gisa ikasi dutena ezinbestean betearaziz".