Iaz zendu zen Jon Dominguez gaztea, Zumaiako Futbol Taldeko jokalaria. Zumaiakok antolatuta, Jon Dominguezen Oroimenezkoa jokatzen ari dira gaur Zumaiako Aita Mari futbol zelaian. Jubenil mailako Real Sociedad, Athletic, Eibar eta etxeko taldea, Zumaiako, neurtuko dira zelaian.
12:00etan omenaldi ekitaldia egin diote Dominguezi Aita Marin. Lau taldeetako jokalariak atera dira zelaira bertaratutakoen txalo artean. Jende asko bildu da futbol zelaian.
Zumaiakoko jokalariak Zure irria, gure indarra! Beti zurekin, Jondo! leloa zuen pankarta eraman dute eskuetan. Bitartean, nesken taldeko jokalariak ere zelairatu dira, eta haien artetik pasatu dira Jonen aita, Luis, eta arreba, Amaia. Behin zelaiaren erdian aurresku bat dantzatu diete, eta Zumaiakoko eta Realeko futbol taldeetako kapitainek klubetako ikur bana eman diete. Luis Dominguezek eskerrak eman nahi izan dizkie bertaratutakoei semearen kamiseta erakutsiz. Une hunkigarriak bizi izan dira. Zumaiakoren eta Athleticen arteko partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute.
(Argazkiak: Baleike.eus)