Bakeleku Udalekuak proiektuan parte hartuko duten ikasleak. (Izaskun Urbieta)
Oporrak bakean programaren muina da
Bakeleku Udalekua Bizkaia izeneko proiektua. Samuel Ruiz Darahli elkarteko koordinatzaileak kontatu duen bezala, "hasiera batean Saharako ume hauek hemengo familien etxeetara etortzen ziren uda pasatzera, baina pixkanaka galtzen ari zen zerbait zela ikusi genuen. Orduan, ume horiek udalekuetara ekartzea bururatu zitzaigun". Hala, 2011n,
Bakeleku Udalekua Urduña-Bizkaia proiektua sortu zuten.
Ideia jaio zenetik Frente Polisarioa izan dute lankide, eta, ondorioz, erabaki guztiak horien oniritziarekin hartu dituzte. "Darahliren zeregina da batez ere dokumentazioa osatzea, finantzazioa aurkitzea eta giza baliabideen kudeaketa egitea", azaldu du Ruizek.
Udaleku honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, udan harrera familiek duten garrantzia azpimarratzea, eta, bestetik, errefuxiatuen kanpamenduetatik ahalik eta haur gehien irtetea. Udalekura etortzean mediku azterketak egiten dituzte, eta zerbait aurkituz gero, hartatuak izaten dira. "Horretaz gain, elikadura orekatua izango dute, eta hezkuntza jarduera eta txangoak egingo dituzte. Bide batez, euskal kultura ezagutzeko aukera izango dute".
Esperientzia bikaina
Proiektu hori osatzeko hainbat pertsonen laguntza izango dute. Guztira, sukaldari bat, zortzi begirale eta proiektuarekin bat egiten duten lankide solidarioen unean uneko laguntza dituzte. Zumaiatik joango diren begiraleak bolondres joango dira, eta 10 txanda osatuko dituzte. Txanda bakoitzean sei pertsona joango dira. Horietatik lau beste urtetan joandakoak dira, eta beste biak, berriz, berriak. 2018an Darahlik beste espedizio bat osatuko du Saharako kanpamenduetara, eta hara joango diren ikasleek uda honetan hango umeekin lehenengo kontaktua egiteko aukera izango dute. "Bestalde, udalekuak irauten duten bi hilabetetan bi gazte saharar egongo dira guri laguntzeko", adierazi du ikasle batek.
Beste urtetako esperientzia oso aberasgarria izan dela aipatu dute ikasleek. "Gauzarik txikienak ere erakutsi egin behar zaizkie askori, baina beraiek ere gauza asko erakusten dizkigute", azaldu du ikasle batek. "Beraien familia eta ohiturak faltan botatzen dituzte, eta emozionalki ere lagundu egin behar zaie. Amaren papera egin behar dugu askotan", gaineratu du beste ikasle batek.
Bakeleku Udalekua proiektuaren aurrekontuari aurre egiteko, hainbat euskal erakunde publikori zein pribaturi lankidetza eskatuko diete. "Aurrekontu guztia 60.000 eurokoa da, eta diru hori finantzatzeko ekintzak egingo ditugu", kontatu du Ruizek. Esaterako, uztailaren 8an zumba maratoia egingo dute. "Oraindik zehazteko ditugu ordua eta zumba irakasleak zeintzuk izango diren, baina aditzera emango dugu".
Aurretik, eta datorren astean zehazki, arropa jasotzeko kanpaina jarriko dute martxan. Aste osoan, astelehenetik ostiralera, Zumaiako ikastetxeetan utzi ahalko dira arropak.