Joseba Muxika: "Gobernu on batek exijitzen duen kudeaketa tresna da partaidetza"

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko maiatzaren 25a

Joseba Muxika. (Izaskun Urbieta) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu irekien ekimenak geldialdia Zumaian egin zuen asteartean. Zumaiarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa Beheko Plazan egon zen egun osoz. Arratsaldean, baina, Joseba Muxika Herritarren Partaidetzako zuzendaria, bertan izan zen eta herriko jubilatuen elkartekoekin bildu zen. Iaz hasi ziren aurrekontu irekien kanpainarekin, eta aurten formula pixka bat aldatu dute. "Kanpainaren helburuak berbera izaten jarraitzen du. Aurten, ordea, lehenago hasi gara. Iaz, hauteskundeak zirela eta, irailean gauzatu genuen kanpaina, aurten maiatzean eta ekainean egiten ari gara», adierazi du Muxikak. Hain zuzen, maiatzaren 2an hasi ziren kanpainarekin eta ekainaren 30a arte jarraituko dute. Berrikuntza gisa, aurten, udalerri gehiagotan izango dira. «37 udalerri bisitatuko ditugu, iaz baino 21 gehiago". Herrietan jartzen duten karparen bidez, modu presentzial batean jasotzen dituzte herritarren iritziak, iradokizunak, ideiak eta eskaerak. Baina beste hainbat kanalen bidez ere egin daiteke ekarpena. "Gipuzkoako etxe guztietara bidali dugu gure eskuorria. Horrekin bermatzen dugu etxe denetara helduko garela, eta guztiek izango dutela aukera proposamenak egiteko. Gainera, Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean". Eskuorri horietan herritarrek beraien proposamenak egiteaz gain, Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen adierazi beharko dute. Partaidetzaren garrantzia "Partaidetza ez da berria. Aspalditik lantzen ari den politika bat da», aipatu du Muxikak. Jende askorentzat berria da, baina duela zortzi urtetatik lantzen du Aldundiak. «Partaidetzak eraldaketa handia eragiten du lan ildoetan, ez da kontu sinple bat. Guk badakigu, politika publikoak garatzeko, prozesu parte hartzaileak landuko ditugula". Partaidetza ez da moda kontu bat Muxikaren arabera. "Gobernu on batek exijitzen duen kudeaketa tresna bat den heinean, gure kulturan geratuko da". Hain zuzen, «partaidetzarako kultura sustatzea» da Aldundiaren helburuetako bat. Hurrengo belaunaldiei begira lantzen ari diren bide bat da. "Pedagogia eginez, horrela bakarrik lortuko dugu gure kultura politikoa beste modu batera gauzatzea. Eta helburua hori da, hurrengo belaunaldiek normaltasunez parte hartzea politika publikoen diseinuan". Parte hartze prozesuan mugarria topaketak dira. Herri bakoitzean bertako eragile, elkarte, kolektibo eta abarrekin elkartzen da Muxika, eta ahal duen guztietan ere joaten da Imanol Lasa Gobernantza diputatua eta Foru Aldundiko bozeramailea. "Topaketetatik ere ideia interesgarriak ateratzen ari gara, eta proposamen oso ezberdinak jasotzen ditugu", nabarmendu du. Datozen urteetan ere lan ildo berdina izaten jarraitu nahi du Aldundiak. Iazko esperientzia positiboa izan dela diote, "nahiz eta bere akatsak izan eta hobetzeko tartea eduki". Dagoeneko iazko emaitzak gainditu dituzte. "1.500 proposamen baino gehiago jaso ditugu, eta oraindik bide erdia baino gehiago gelditzen zaigu", nabarmendu du. Prozesuan parte hartzeko baldintza bakarra gutxienez 16 urte izatea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide