Aldundiko aurrekontu irekietan azken geltokia, Zumaia

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko maiatzaren 25a

Aldundiko Herritarren Partaidetzako zuzendari Joseba Muxikak Zumaiako erretiratuen eskaerak jaso ditu.

Joseba Muxika Aldundiko Herritarren Partaidetzako zuzendaria Zumaiako jubilatuekin. (Izaskun Urbieta) 2018ko aurrekontu irekien kanpainan bete-betean dabil Gipuzkoako Foru Aldundia. Herriz herri, karpa baten bidez, herritarren ideiak, iradokizunak eta eskaerak biltzen ari dira. Horretaz gain, bisitatzen ari diren herrietako elkarteekin, kolektiboekin eta eragileekin elkartzen ari dira. Urola Kostan bisitatu duten azken herria izan da Zumaia. Herenegun izan ziren bertan. Egun osoan karpa eduki zuten jarrita Beheko plazan, eta erretiratuen elkartearekin biltzeko parada ere hartu zuen Herritarren Partaidetzako zuzendari Joseba Muxikak. Besteak beste, boluntariotzaz, oinarrizko kirolaz eta kirol taldeei ematen zaizkien diru laguntzez, Santiagoko hondartzaren babesaz eta zaintzaz, eta Zarauztik Zumaiarako bidegorriaz hitz egin zuten. Zahartzaroaren ikerketa Aisialdiko ekintzak izan zen topaketan garrantzia hartu zuen gaietako bat. Bertaratu zen emakume baten iritziz, jubilatuentzako ez da programa zabalik eskaintzen. "Aisialdiko ekintzak badaude herrian, baina ez zuzenki jubilatuentzat zuzendutakoak, eta nik gure adineko jendearekin egin nahi ditut. Antzerkia eta pintura, adibidez", aipatu zuen. Beste batek jubilatuentzako bidaietan edo ibilaldietan finantzaziorik eska zitekeen galdetu zuen. Muxikak argi esan zuen: "Oporrak eta txangoak garrantzitsuak dira, baina Aldundiak ez du zuzenean programa horietara dirurik bideratzen. Lehentasunak ezarri behar dira, eta gaur egun, horiek gizarte gaiak dira". Nagusien kolektiboa gizartearentzat eta erakundeentzat ahaztuta dagoela aipatu zuten bertaratu zirenek. "Etorkizuna Eraikiz proiektuan zahartzaroaren ikerketan oinarritutako zentro bat eraikiko da laster Pasaian. Bertan, nagusien ongizatearen bermakuntzan, osasunean eta hainbat arlotan ikerketak eta lanketak egiteko asmoa dago", adierazi zuen Muxikak. "Zahartzaroak aktiboa izan behar du, aisialdirako eta egunerokotasunerako proposamenak eta eskaintzak eskaintzea da gure nahia, horrek gure bizi-kalitatea hobetzea dakarrelako. Pasaiako zentro horrekin berritzaileak izan nahi dugu, eta erreferente bihurtu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide