Zumaiako Futbol Taldea osatzen duten kideak. (Zumaiako F.T.)
Larunbatean I. Jon Dominguezen Oroimenezkoa jokatuko da Zumaiako Aita Mari futbol zelaian. Lehen mailan dauden hiru euskal taldeen jubenilak izango dira parte hartuko dutenak futbol lehian: Reala, Eibar eta Athletic. Horiekin batera etxeko taldea izango da: Zumaiako.
"Lehenengo partida Realaren eta Eibarren artekoa izango da, 10:00etan", azaldu du Zumaiko Futbol Taldeko lehendakaria den Txiki Gorostolak. 12:15ean, berriz, Zumaiako eta Athletic neurtuko dira. "Ondoren, lau taldeak elkarrekin Txoaskiña elkartera joango gara bazkaltzera. Futbol taldeko partaideok prestatuko diegu bazkaria guztiei, eta arratsaldean oroimenezkoarekin jarraituko dugu", esan du.
Arratsaldean beste bi partida izango dira. Alde batetik, hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dituena, eta beste aldetik, finala. "Lehenengoa 16:30ean jokatuko da, eta finala, berriz, 18:30ean", aipatu du. Partida guztietarako sarrera doakoa izango da, eta nahi duenak, otar baten zozketan parte hartzeko aukera izango du.
Dominguezi omenaldia
Iazko udan hil zen Dominguez gaztea. Kolpe gogorra izan zen taldearentzat, are gehiago, lagunentzat eta familiarentzat. "Gurekin jokatzen zuen Jonek, eta bere aita ere entrenatzaile ibiltzen da. Zerbait egin nahi genuen, omenaldi bat, eta, azkenean, oroimenezkoaren aldeko apustua egin dugu; hau da, ez gelditzea txapelketa batean, etorkizunean ere jarraipena izatea nahi dugu", azaldu du. 12:00etan egingo die omenaldia Dominguezen senitartekoei. "Zerbait xumea izango da, familiarekin hitz egin dugu, eta ez dute gauza handiegirik nahi. Beraz, guk hori errespetatu egingo dugu", adierazi du.
Pozik dago Gorostola osatu duten kartelarekin. "Talde politak dira, jokalari onekin eta kalitatezkoekin. Jendea etortzea espero dugu. Gureak ere ilusioz ari dira prestatzen. Haientzat ere berezia izango da".