Siemensek Zumaiako lantegian egingo du gas motor berria

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 19a

Elektrizitatea sortzeko eta kogeneraziorako motorra da, eta mundu osoan salduko dute 2018tik aurrera

Atzo Miñaon (Araban) aurkeztu zuten gas motor berria. Siemensek 23 milioi euroko inbertsioa egin du Oikiako lantegian, aurrerantzean han egiteko gas motor berriak. Bi megawatt potentziako E-Serie motorrak elektrizitatea sortzeko eta kogeneraziorako baliatuko dituzte. «Merkatuko errendimendurik handiena dauka», eta %45,5eko efizientzia elektrikoa, Olivier Becle Siemensen Espainiako Power & Gas arloko zuzendariaren arabera. Atzo aurkeztu zuten motorra, Arabako Parke Teknologikoko I+G+B zentroan, Miñaon. 2018an 40 motor egingo dituzte Zumaian Oikiako lantegian, handik mundu osora saltzeko. Ondo bidean, hurrengo urteetan ekoizpena bikoiztu nahi du multinazionalak. 180 langile ditu Oikiako lantegian. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburua «oso harro» agertu zen Siemensek Euskal Herria aukeratu duelako gas motor berriak ekoizteko. «Horrelako enpresa handi bat sartzeak ziurgabetasuna sor diezaieke tokiko hornitzaileei, bezeroaren tamainagatik. Baina aukera handi gisa hartu behar da, bai ikuspegi industrialetik eta bai I+G+B aldetik».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide