Ekitaldiz jositako Europako Geoparkeen Astea aurkeztu dute

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko maiatzaren 18a

Zazpigarren edizioa ostiraletik ekainaren 4ra egingo da. Ekitaldien artean, maiatzaren 27an egingo den itsaslabarrak garbitzeko auzolana nabarmendu dute

Leire Barriuso Geoparkeko gerentea, Zumaiako, Debako eta Mutrikuko alkateekin eta GKN-ko gerentearekin batera. (Izaskun Urbieta) Donostian ospatuko den ekitaldi berezi batekin hasiko dute Europako Geoparkeen Astearen zazpigarren edizioa. Ekintza hori Europan egun dauden 69 geoparkeetan egingo da aldi berean; lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin. "Gure nahia Geoparkeak antolatzen dituen ekintzak kalera ateratzea da. Bide batez, herritarren sentsibilizazioan eragin nahi dugu, eta ingurumenaren garrantzia berretsi", adierazi du Leire Barriuso, Geoparkeko gerenteak. Aurtengo egitaraua aurkezteko, Barriusoz gain, Oier Korta Zumaiako alkatea, Pedro Bengoetxea Debako alkatea eta Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea izan dira. Halaber, agerraldian parte hartu du Zumaiako GKN Driveline enpresako gerentea den Txomin Oronozek ere. "GKN enpresarekin lankidetza eta partaidetza kolaborazio bat egin dugu; batez ere, maiatzaren 27an egingo den garbitzeko auzolanerako", adierazi du Barriusok. Edizio honetako lehen ekitaldia Donostian izango da bihar. Olatu Talka jaialdiaren barruan egingo dute hori. "UrbanZientzia karpan izango da. Ekitaldi berritzailea izango da, izan ere, zientzialariek eta kultur sortzaileek bat egingo duten ikuskizuna izango da", azaldu du Geoparkeko ordezkariak. Hitzaldi zientifiko laburrak egiteaz gain, musika, antzerkia, bertsoak eta marrazkia uztartuko dituzte. Garbiketa auzolanean Ekitaldien artean, maiatzaren 27an egingo den itsaslabarren garbiketa azpimarratu nahi izan du Barriusok. "Herritarrei zabaldu nahi diegu ekitaldia. Elorriagan egingo da, eta ehun boluntario beharko dira", nabarmendu du. Egitasmo horrekin bi helburu bete nahi ditu Geoparkeak. "Alde batetik, garbiketa egitea, eta, beste aldetik, herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea". Lan horretarako GKN enpresaren laguntza izango dute. Txomin Oronozen hitzetan, "ingurumenarekiko konprosimoa zabaldu nahi dugu, eta egokia iruditu zaigu gure lankidetza Geoparkearekin egitea. Bide batez, pertsona itsuen aldeko ekintzetan lagunduko dugu; adibidez, Algorri Interpretazio Zentroan braile sistema eta audiogidak hobetzen". EGITARAUA
  • Maiatzak 19: GeoTalks: Zientzia, kultura eta dibertsioa Geoparkean. Hitzaldiak, musika, antzerkia, bertsoak eta marrazkia. Olatu Talka 2017 jaialdia. 18:00etan, Katalunia plazan, Donostia (UrbanZientzia karpa).
  • Maiatzak 27: Geoparkeko kostaldearen garbiketa auzolanean. GFAren laguntzarekin. 08:30ean autobusak Debatik eta Zumaiatik. Izena emateko: geoparkea@geoparkea.com.
  • Maiatzak 28: Irteera gidatua, Lastur familian (euskaraz). 10:30etik 13:30era, Lasturren. Doan, #lastur kodea erabiliz.
  • Maiatzak 30: Hitzaldia Mutrikuko ammonite erraldoiak (euskaraz). Mikel Lopez-Horgue eta Luis Miguel Aguirrezabalaga, EHUko ikerlariak. 19:00etan, Nautilus Interpretazio Zentroan, Mutriku.
  • Maiatzak 31: Hitzaldia, Praileaitz (gaztelaniaz). Xabier Peñalver, arkeologoa. 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean, Mutriku.
  • Ekainak 1: Hitzaldia Erbesteko lehen Eusko Jaurlaritza (euskaraz). Leire Arrieta historialaria. 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean, Mutriku.
  • Ekainak 2: Labarretako izakiak marrazki lehiaketako sari banaketa. 17:30ean, Debako Turismo Bulegoan.
  • Ekainak 3: Flysch & Go irteera geologikoa (euskaraz). Euskadi-Akitania lankidetza proiektua. 10:00etan, Algorri Interpretazio Zentroan, Zumaia. Argazki rallya (10-16 urtekoentzat). 11:00etatik 13:00etara Algorri Interpretazio Zentroan, Zumaia.
  • Ekainak 4: Olatzeko Ibilbide Geologikoa (euskaraz). 10:00etatik 13:00etara Olatzen, Mutrikun. Izena emateko: Mutrikuko Turismo Bulegoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide