Koloneko minbizia antzemateko probaren garrantzia nabarmendu dute

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko mai. 17a, 09:23

Proba egiteko beharrezko prestakuntzaren egokitasuna azpimarratu du Rosa Azkue medikuak. Andoni Txintxilla sukaldaria elikadura osasuntsuaren alde agertu da

Rosa Azkue eta Gorka Gil hitzaldiko une batean. Gil Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoa da. (Izaskun Urbieta) Seigarren solasaldi mediko-gastronomikoa egin zen pasa den ostegunean Beheko Plazako Hogarreko bigarren solairuan. Hitzaldiaren helburuak ziren elikadura osasuntsuaren aldeko apustua egitea eta koloneko minbiziaren proba egitearen garrantzia helaraztea. Rosa Azkue medikua eta Andoni Txintxilla sukaldaria aritu ziren hizlari. Koloneko minbizia heste lodian zuzenean ateratzen den minbizia da, hodi digestiboaren amaieran. Gizonezkoen kasuan, gehien diagnostikatzen den hirugarren minbizia mota da, prostatako eta biriketako minbiziaren atzetik. Emakumezkoen kasuan, aldiz, ranking-eko bigarren postuan dago, bularretakoaren atzetik. "Orokorrean, 50 urtetik gorakoen artean izaten den gaixotasuna da, eta, generoan erreparatu gabe, minbizien artean bigarren postuan dago", nabarmendu zuen Azkuek. Minbizia honen jatorria kolon deritzon hodian agertzen den polipoan aurkitzen da. Polipo hori hasieran hodiaren hormetan ateratzen da. "Handitzen bada, barrurantz hazten joaten da, eta asko handituz gero, kanporantz atera daiteke. Horrek zer esanahi du? Inguruko organoetan eragin dezakeela, eta baita odolean ere", azaldu zuen. Minbizia mota honetan zaindu daitezkeen arrisku faktoreak aurkitzen dira. "Faktore batzuk, baina, ezin dira ekidin. Adibidez, adina, gizona izatea (gizonek errazago garatzen dute) eta familiako genetika edo herentzia bada", esan zuen. Aldiz, zaindu daitezkeen arrisku faktoreak badaude, esaterako, sedentarismoa, gehiegizko pisua, alkoholaren eta tabakoaren murrizketa eta elikadura. "Zainketan dago gakoa. Ariketa egin behar da, ibili, pisua zaindu, alkoholaren kontsumoa eguneko hiru kopetara murriztu, erretzeari utzi, zuntzean eta B6 bitaminetan aberatsa den dieta egin", adierazi zuen. Sintomak azaltzen direnean medikura joatea garrantzitsua dela azpimarratu zuen Azkuek. "Hala ere, sintoma bakoitzarengatik ere ez dugu alertan jarri behar. Baina erritmo digestiboan aldaketak sumatzen baditugu, gorotzean odola ikusten baldin badugu, nekatuta eta anemiarekin aurkitzen bagara eta pisua dezente jaitsi badugu, komeni da anbulatoriora joatea", azpimarratu zuen. Prebentzio kanpaina Otsailean hasi zen koloneko minbiziaren aurkako prebentzio kanpaina, eta ekaina arte izango da. Kanpaina hori 50-69 urte bitarteko pertsonei zuzendutakoa da, eta etxean jasotzen dute proba egiteko oharra. "Proba horrek positibo ematen badu, kolonoskopia egiten diogu pazienteari. Horri esker, momentuan ikusten da zer duen pertsonak eta kendu ere egiten da polipoa. Aurten ehun baino gehiago egingo dira, eta azpimarratu nahi dut ez duela minik ematen". Izan ere, eta Gipuzkoako datuak begiratuta, oraindik biztanleriaren portzentaia batek ez du proba egiten. Kolonoskopia egiteko prestakuntza txiki bat egin behar da, eta hain zuzen, prozesu horren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Azkuek. "Urtero egiten dugun kanpaina honi esker kontzientziazioa lortu da, baina orain pauso bat aurrerago eman nahi dugu. Proba hori egiteko prestakuntzaren egokitasunean jarri nahi dugu arreta. Izan ere, azken fase hori gaizki egiten bada, proba berriro errepikatu behar izaten da", azaldu zuen medikuak. Prestakuntzak suposatzen du proba egin baino hiru egun lehenago pertsona hori dieta espezifiko batean jartzea. "Ez da dieta zaila. Azken eguna da zailena, gehienbat likidoarekin bakarrik egon behar delako". Elikadura osasuntsua Solasaldiaren bigarren zatian, Andoni Txintxilla sukaldariak elikadura osasuntsuaren garrantzia nabarmendu zuen. "Egungo janariaren industrializazioak ez du batere gure osasuna zaintzen, eta, horregatik, amonaren janarira bueltatu beharra dago", esan zuen. "Jaten duguna gara, eta, kontsumitzen dugun janariaren jatorria ezagutzeaz kontzientziatu behar gara". Garai bateko zaporeetara eta gisatuetara bueltatzeko beharraz mintzatu zen Txintxilla. Etxeko produktuen erabilera goraipatu zuen, "eskura ditugun produktuak erabili behar dira". Hala, etxean erraz egin daitezkeen hiru errezeta azaldu zituen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide