Moila inguruan hasi dira TAO gunea margotzen. (Baleike.eus)
TAO sistema ate joka da Zumaian; izan ere, ekainaren 15ean jarriko dute aurrenekoz indarrean aparkatzeko sistema berria, eta udalak dagoeneko hasi ditu TAO guneak zehazteko margoketa lanak. Hala, datozen egunetan, gune ezberdinak bereiztuko dituzte, kolore ezberdinak erabilita: egoiliarren guneak, errotazio altukoenak eta egonaldi ertainekoenak.
Bihar amaituko da ordenantzari alegazioak aurkezteko epea. Behin guztiak landu eta aztertuta, Zumaiako udalak maiatzaren 25ean egingo duen ohiko osoko bilkuran emango dio behin betiko onespena dokumentuari. Horrenbestez, hilaren azken astetik aurrera zehaztuko du udalak zein izango den egoiliar txartela lortzeko prozedura.
Egoiliar xartela eskatzeko garaian ibilgailua Zumaian eta norberaren etxebizitzan erroldatuta izatea ezinbestekoa izango da. Horregatik, "prozesura arintzearren", udalak gomendatu du beharrezkoa dutenek aldaketa hori lehenbailehen egitea. Izapide horiek guztiak Zumaiako udaletxean bertan edo internet bidez egin daitezke.
Udalak aurreratu duenez, ekainaren hasieran Zumaiako etxeetara bidaliko duen udal aldizkarian, herritarrek aparkamendu sistemaren "xehetasun guztia" jaso ahal izango dituzte.