Artelanak azaleko mihisean

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 12a

Etxeko logelan eta ganbaran hasi ziren tatuatzen. Ikasten jarraitzen dute, munduko hainbat txokotan errealismoz betetako lanak erakusten dituzten bitartean.

Pablo Hernandez eta Julen Muñoz, Zumaiako Greyline estudioan. (Maialen Etxaniz) Gaur egun, edozein pertsonaren azalean aurki daitezke artelanak.Ikus daitezke animaliak, pertsonen aurpegiak, paisaiak edota esaldiak. Izan daitezke handiak zein txikiak, koloredunak ala ilunak. Baina marra gris batekin hasten dira ia guztiak, grey line delakoarekin. Izen hori jarri zioten Julen Muñoz (Zumaia, 1990) eta Pablo Hernandez (Zumaia, 1992) tatuatzaileek beren estudioari, duela bi urte. Tatuajeen eta sortzaileen munduan murgilduta dabiltza gaur egun. Biek gogoan dute haurrak zirenean “edozein lekutan” margotzeko joera zutela, etxean, eskolan zein kalean. "Amak erakutsi zidan pintatzen; hark piztu zidan arterako grina", azaldu du Muñozek. Baina, zaletasun bera badute ere, "ama, tatuatzailea izan nahi dut" esatean hark "ideia hori burutik kentzera" gonbidatu zuela gogoratu du. Hernandezek, berriz, arte arloko ikasketak ditu eginak; batxilergo artistikoa aurrena, eta ilustrazioa gero. Baina gaur egun bidaide duen lagunak hurbildu zuen tatuajeen mundura: Muñozek. Amaren etxean egin zituen aurreneko tatuajeak Muñozek, haurra zeneko logelan. Ondoren, bere etxean gela bat egokitu zuen horretarako. Hernandezek, berriz, ganbaran muntatu zuen estudioa; komunik ere ez zuela gogoratu du: "Pentsa: tatuatzera etortzen zirenak etxeko komunera eramaten nituen, eta ama aho zabalik gelditzen zen", gogoratu du, barrez. Aurreneko urratsak eginda, trebatzeko ordua izaten da. Tatuatzaile ona izateko, formakuntza "ezinbestekoa" dela uste dute Greylineko mutilek. Hala, une oro horretan ari direla nabarmendu dute; izan ere, haien aburuz, ikasteko materiala "esku-eskura" dago gaur egun. Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide