Laia Bedos: "Ikastaroaren helburua libre eta bizirik sentitzea da"

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko maiatzaren 11

Marrazkia eta mugimenduaren inguruko ikerketan murgilduta dabil Bedos. Larunbatean, Zumaiako Maiatza Dantzan programaren barruan tailer bat emango du.

Laia Bedos. (Hitza) Astindu dantza taldeak antolatutako Zumaiako Maiatza Dantzan VI. topaketen barruan mugimendua eta marrazkia uztartuko dituen tailerra emango du Laia Bedosek (1975, Blanes, Girona, Katalunia), larunbatean, Herri Eskolako gimnasioan. Goizean, 11:00etatik 12:30era, 3 urtetik aurrerakoekin egingo du saioa, familian. Arratsaldean (15:00-19:00) helduentzako beste saio bat eskainiko du. Mugimendua eta marrazkia du izena tailerrak. Zer landuko da hor? Gorputza oinarri hartuta, adierazpena eta jolasa landuko ditugu. Horrela, adierazpen jolasak egingo ditugu gorputzarekin, marrazkiarekin eta trazoekin. Zer metodologia eta material erabiliko dituzu? Pauta eta joko errazetatik eta sinpleetatik abiatutako metodologia erabiliko dugu. Edozeinek egin ditzakeen ariketak izango dira. Guztiok barnean dugun jakinduriatik hasita, kreatibitatea landuko dugu. Tamaina txikiko eta handiko paperak ipiniko ditugu lurrean; eta arkatzekin, margoekin, pintzelekin eta argizariarekin jolastuko dugu. Zein da tailerraren helburua? Norbere buruarekin konektatzea da helburua, eta, era berean, jolasarekin eta adierazpenarekin. Libre eta bizirik sentitzea da kontua. Momentu batez zoriontsu izatea! Zer gaitasun lortuko ditu tailerrean parte hartzen duenak? Marrazkiaren eta gorputzaren mugimenduaren bidez adierazten eta sortzen jakitea da ikasiko dutena, eta, bide batez, norbere buruarekin gustura sentitzea. Tailerrean parte hartzen duena, gutxienez, konturatuko da marrazkiaren, pinturaren, gorputzaren mugimenduaren eta jolasaren bidez adierazteko gai dela. Ez da zertan ongi marrazten jakin behar! Niretzako ez dago ezer gaizki edo ongi; adierazpena da garrantzitsuena. Hiru urtetik aurrerako tailer bat da goizekoa, familian egitekoa. Zergatik? Zer lortzen da familian landuta? Familian egindako saioen bitartez lortzen dena da denok umeen pare jartzea. Hau da, jolasteko eta sortzeko gogoa izatea. Orokorrean, tailerrean parte hartzen dutenak gustura eta zoriontsu irteten dira ikastarotik; izan ere, jolasa zoriontasuna da. Azken finean, guztiok gara haurrak. Arte Ederren mundutik zatoz. Nola lotzen duzu pintura mugimenduarekin? Alegia, marrazkia eta mugimendua bateragarriak al dira? Marrazkia eta keinua mugimendua da berez, eskua paperean edo mihisean mugitu egiten da. Marra bat egiteko ere mugimendua behar da. Azken finean, trazoa (marrazkia) eta keinua (gorputzaren mugimendua) oso lotuak daude. Niretzako berdinak dira. Dantza garaikidean jantzita nago, eta marrazkia paperaren gaineko dantza bat bezala ikusten dut. Era berean, dantza honela ikusten dut: modu ikusezinean gorputzarekin egiten den marrazkia. Dantza egiterakon bakoitzaren gorputzak zerbait marrazten du. Dantza gorputz mugimendua da, eta, marrazkia energia, bizitza, jolasa, adierazpena eta ongizatea. Bitan banatu duzu ikastaroa. Zer egingo duzu saio bakoitzean? Goizeko saioa, ipuin batetik abiatutako esperientzia bat izango da, denok elkarrekin bidaia bat egingo dugu. Arratsaldean, jolasak eta ariketak egingo ditugu, bikoteka. Esplorazio librea eta bakarkakoa egiteko denbora ere emango dut, ordea. Ikastaroaren helburua ongi pasatzea izango da adierazten, marrazten eta dantzatzen. Horretarako, lurrean eta hormetan papera egongo da jarrita. Bertan, marrazteko eta mugitzeko aukera izango da. Gizakiarentzat oso atsegina da jolas egitea, eta ez da aukera hori askotan izaten. Helduekin zailagoa al da horrelako saioak egitea? Nire ikastaroetan ez da ezer zaila izaten. Tailerrak oso egokiak dira aspaldian marraztu edo dantzatu ez duten pertsonentzat, baita ere esperientzia edo maila jakin bat dutenentzat. Guztientzat da egokia. Zer behar da tailerrean parte hartzeko? Gorputza, besterik ez. Horrekin batera zikintzeko arropa zaharra eta esperimentatzeko eta ongi pasatzeko gogoa. Gainontzekoa nik eramango dut! Eta guztiak izango dira ongi etorriak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide