Ezkerretik eskuinera, Aitor Tena, Mari Carmen Aizpurua, Jose Manuel Mantzisidor, Arantxa Eizagirre, Angel eta Iñaki Espino. (Izaskun Urbieta)
Jose Manuel Mantzisidor eta Angel Espinoren arteko Whatsapp bidezko hizketaldi batetik hasi zen taldea sortzeko ideia. Elkarrizketa hartan, herriko mugikortasun arazoez hitz egiteaz gain, herritarrengan ikusten zuten kontzientziazio ezaz aritu ziren. "Jendeak ez du asmo txarrez egiten, baina ez da konturatzen, esaterako, zer-nolako oztopoa eragin dezaken gaizki aparkatutako bizikleta batek. Sentsibilizazio edo kontzientziazio hori falta da", adierazi du Espinok.
Mantzisidorrek, talde hori sortu baino lehen, Patxita Etxezarreta kaleko hainbat argazki igo izan ditu Facebook-eko bere profilera. "Adibidez, kale horretan behin baino gehiagotan erori izan naiz espaloiaren egoera dela eta", aitortu du. Mari Carmen Aizpuruaren egoera ere ez da batere ona. "Arazo larriak ditut nire alaba kalean ibiltzeko. Pare bat aldiz kexatu naiz udaletxean, baina ez digute kasurik egin", esan du Aizpuruak.
Hain zuzen, udalaren aldetik erantzun bat jasotzea da taldearen nahia. "Gure helburua da guztientzat herri irisgarriago bat lortzea. Orain dela bizpahiru aste proposamen bat bidali genion udaletxeari, batez ere, Etxezarreta kaleko arazoan arreta jarriz. Ikusten dugu hor dauden arazoek konpontzeko presa dutela. Baina ez dugu erantzunik jaso", adierazi du Aitor Tenak. "Jende asko igarotzen den lekua da, eta espaloiak eta oinezkoentzako pasaguneak ez dira egokiak. Zaharkituak daude", jarraitu du Espinok.
Udalaren aldetik sentsibilizazioa bilatzen dute. "Ez dugu esaten borondaterik ez dagoenik, baina irisgarritasuna bermatzeko erabakiak falta direla sumatzen dugu. Adibidez, osasun zentro berrian dagoen lurzorua ez da batere egokia gurpildun aulkiak pasatzeko, edo bastoiarekin ibiltzeko. Galtzada-harrien arteko desoreka oso handia da, eta horrek ezin ibilia eragiten du", gaineratu du Espinok.
Mantenua da, beraz, ardatza. "Egia da nahiko herri irisgarria dela, baina zaindu egin behar dira hainbat toki. Mantenua egitea beharrezkoa da, baina egokia izan behar du", zehaztu du.
Puntuz puntuko planoa
Zumaiako plano bat egitea izan da talde sortu berri honen lehendabiziko eginkizuna. Oraindik lanean dabiltza, baina, bertan, hainbat puntu markatu dituzte. "Oraingoz 14 puntu zehaztu ditugu. Alde batetik, gaizki dauden tokiak jarri ditugu; bestetik, ez hain gaizki daudenak, baina konpontzea merezi dutenak; eta bukatzeko, ongi dauden tokiak. Azken hori azpimarratu nahi dugu; izan ere, badaude ongi dauden lekuak ere", nabarmendu du Tenak.
Herritarrentzako baliagarria izateaz gain, bigarren erabilera bat ere eman nahi diote planoari. Udalarentzat, batik bat turismoari begira, erabilgarria izatea nahi dute. "Planoak banatzeko ideia daukagu, edo gutxienez turismo bulegoan jartzekoa. Hala, kanpotik etortzen den jendearentzat baliagarria izateko", adierazi du Tenak.
Mapa osatzeko, herritarren iritzia hartu nahi dute kontuan laster. Horretarako, inkesta bat argitaratuko dute laster. "Mugikortasun arazoak dituen jendeak eta oraindik taldearen berri ez duenak parte hartzeko egokia izan daiteke", gaineratu du Tenak. "Jendearen iritzia jakitea da asmoa, eta parte hartzera bultzatu nahi ditugu herritarrak. Gainera, norbaitek bere arazoa azaldu nahiko balu, guregana jo dezake, eta guk lagunduko diogu. Horretarako,
zumaiaaccesible@gmail.com helbidera idatzi daiteke, edo gure Facebook orrialdera", esan du Espinok.