Urola Kostako zortzi herritan egin dituzte gaur, maiatzak 7, herri galdeketak, eta boza ematera deituta zeuden 16 urtetik gorako herritarren %31,39k bozkatu dute.
Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra? galderari boto bidez erantzun diote Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Errezilgo, Getariako, Orioko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako herritarrek, eta herriz herri datu desberdinak izan dira.
Urola Kostan, parte hartzerik handiena Errezilen izan da, eta, aldiz, txikiena, Zarautzen.
Aizarnazabalen herritarren %49,9k eman dute boza;
Azkoitian, %31,63;
Errezilen, %56,6k;
Getarian, %49,8k;
Orion, %31k;
Zarautzen, %24,9k;
Zestoan, %42,6; eta
Zumaian, %34,3. Aian eta Beizaman ez dute galdeketarik egin. Guztira, 48.412 lagun zeuden boza ematera deituta gaur Urola Kostan, eta 15.172 lagunek gauzatu dute erabakitzeko eskubidea.
Gaur Urola Kostako herrietan ez ezik, Euskal Herriko beste 43 herritan ere egin dituzte galdeketak. Denera, 247.258 hauteslek zuten botoa emateko aukera, eta 63.201k lagunek eman dute. Horrenbestez, gaur, maiatzaren 7an, Euskal Herrian egin diren herri galdeketa guztien batez besteko parte hartzea %25,49 izan da. Beraz, Urola Kostako parte hartze datua altuagoa izan da (%31,34).
Azpeitian joan den urteko ekainaren 5ean egin zuten herri galdeketa, Hitzartu elkarteak antolatuta, eta orduko hartan 16 urtetik gorako azpeitiarren %39,37k eman zuten boza. Iaz Azpeitian egindako kontsultako partaidetza kontuan hartuta, Urola Kostako batez besteko parte hartzea %33,14 da. Eskualdeko kontsultetan, guztira, 19.979 izan dira boto emaileak.
Hona hemen, irudi bildumak herriz herri: