Larunbatean hasiko da Zumaiako VI. Maiatza Dantzan, Astinduren Egunarekin

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 2a

Freedance ikastaroa eskainiko dute larunbatean, eta bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. Ikastaroaren ostean bazkaria egingo dute.

Iazko Maiatza Dantzan egitasmoaren barruan antolatutako erakustaldi bateko irudia. (Baleike.eus) Azken urteetan egin bezala, Maiatza Dantzan egitasmoa antolatu du Zumaiako Astindu Dantza Elkarteak. Aurtengoa egitasmoa antolatzen duten seigarren urtea da, eta hilabete osorako egitaraua prestatu dute. Datorren larunbatean, maiatzaren 6an, emango diote hasiera prestatutako egitarauari, Astinduren Egunarekin. Goizean freedance ikastaroa eskainiko dute, 10:00etatik 13:00etara bitartean, Herri Eskolako gimnasioan. Ikastaroan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Astinduko bazkideek ez dute izen-ematea ordaindu beharko, gainerakoek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dituzte. Dantza ikastaroa bukatuta, bazkaria egingo dute, eta horretan parte hartzeko ere izena eman behar da aurrez. Bazkideentzat doakoa izango da bazkaria, eta bazkide ez direnek 15 euro ordaindu beharko dute. Dantza ikastaroan zein bazkarian izena emateko astindu.zde@gmail.com helbidera idatzi behar da. Hurrengo asteburuetan ere egongo da zer egin eta zertaz gozatu Zumaian, Maiatza Dantzan egitasmoaren bueltan. Hilaren 13rako, zapatua, Mugimendua eta marrazkia pintura tailerra antolatu dute, haurrei, gaztetxoei zein helduei zuzenduta. 3 urtetik gorako haurrek eta beren gurasoek 11:00etatik 12:30era bitartean izango dute tailerrean parte hartzeko aukera. Helduek, berriz, 15:00etatik 19:00etara. Klaseak  Herri Eskolako gimnasioan eskainiko dituzte. Ikastaroan izena eman behar da aurrez, astindu.zde@gmail.com helbidera idatzita. Maiatzaren 20an, zapatua, Dantzara Eguna ospatuko dute. Egun horretan dantza mota ezberdinetako tailerrak eta erakustaldiak eskainiko dituzte, hala nola hip hop-a, capoeira, dantza modernoa, garaikidea, klasikoa, cha cha cha eta bachata. Ikastaroak Beheko Plazan eskainiko dituzte, 18:30etik 20:00etara. Euria egingo balu, Maria eta Jose ikastetxean eskainiko dituzte tailerrak. Hilaren 27an emango diote amaiera Maiatza Dantzan egitasmoari, Astinduk eta ZUMBek elkarlanean eskainiko duten emanaldiarekin. Erakustaldi hori 22:30ean hasiko da, Ondartxo plazan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide