Ander Okamikak eta Helene Alberdik irabazi dute Getariako Triatloia

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 29a

Helene Alberdi zumaiarra Getariako Triatloiko helmugan, atzean Ander Okamika duela (Aritz Mutiozabal). Korrikako zatian erabaki da aurtengo proba, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan. Bizikletako ibilibidea osatuta, Helene Alberdi zumaiarra eta Irati Mendia donostiarra batera iritsi dira box eremura, eta gauza bera egin dute Ander Okamika lekeitiarrak eta Jon Unanue zarauztarrak. Baina lasterka irten bezain azkar, aurrea hartu dute Alberdik eta Okamikak, eta bakarka egin dute korrikaldia helmugaratu arte. Beraiek izan dira Getaitri taldeak antolatutako Getariako III. Triatloiko txapeldunak; lekeitiarrak, gainera, bigarren urtez jarraian jantzi du txapela. Guztira, 367 triatletek osatu dute  aurtengo proba. Eguraldia lagun izan dute, eta herrian jendetza bildu da parte hartzaileak ikusteko nahiz animatzeko asmoz. Getariarren artean lehenak Unai Gastañares eta Ane Balentziaga izan dira. Gastañaresek, aldi berean, beterano gizonezkoen 1. mailan lehen postua lortu du, eta Asier Astigarraga zarauztarrak bigarrena. Junior emakumezkoetan Usoa Ostolaza zarauztarra nagusitu da, eta kadete gizonezkoetan Unai Zabala oriotarra. Bestalde, Txomin Etxaniz Saria ere eman dute, bizikletako proban Garate gainera azkarren igo direnei. Emakumezkoetan, Mendiarentzat izan da saria, 10 minutu eta 41 segundoko denborarekin, eta gizonezkoetan, Okamikak iaz jarri zuen marka hautsi du, 9 minutu eta 25 segundo eginez. SAILKAPENAK Emakumezkoak
  1. Helene Alberdi 01:11:10
  2. Irati Mendia 01:12:35
  3.  Estefania Gomez 01:13:24
Gizonezkoak
  1. Ander Okamika 01:01:09
  2. Jon Unanue 01:01:58
  3. Pello Osoro 01:02:10
[flickr_set id="72157681102688161"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide