Urola Kostako EH Bilduko hautetsiak, Talaimendin eginiko agerraldian (EH Bildu).
Urola Kostako EH Bilduk herri galdeketari babesa eskaintzeaz gain, baiezko botoa eskatu die herritarrei. Atzo arratsaldean egin zuen agerraldia Zarauzko Talaimendin, Gran Camping Zarautzen ondoko belardian, eta bertan elkartu ziren Aia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Aizarnazabal, Azpeitia, Azkoitia eta Errezilgo hautetsiak.
Nika Lertxundi Getariako alkateak eta Arritxu Iribar Zumaiako zinegotziak hartu zuten hitza, eta adierazi zuten euskal herritarrei dagokiela "gure herria nazio zein Europa mailan kokatzea". Maiatzaren 7an, Urola Kostako biztanleek Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan? galderari erantzungo diote, eta Urola Kostako EH Bilduk argi eta garbi du euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi duela, "aukera onena delako".
Euskal Herria gizarte "konplexua" eta "anitza" dela esan zuten, "baina ibilbide historikoak adierazten digu aniztasunaren kudeaketa hobea egiten dugula euskal herritarrok espainiar eta frantziar estatuek baino. Euskal herritarrok batzen gaituen konbentzimendua da gure burua hobeki antolatzen eta kudeatzen dugula kanpoko botereek baino. Euskal Herria bideragarria baita esparru sozio-ekonomikoan, lurra eta beste herriekiko errespetuan oinarritutako ereduaren oinarriak jada jarri ditugulako".