Getariako Triatloiak eragina izango du N-634 errepideko trafikoan

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 28a

Zarauztik Zumaiara joateko A-8 autobidea erabiltzea gomendatu du Zarauzko Mugikortasun sailak.

N-634 errepidea, Getariatik Zumaiara. Larunbat honetan Getariako Triatloia jokatuko da, eta probak eragina izango du Zarauztik Zumaiara doan N-634 errepidean; izan ere, momentu jakin batzuetan errepidea itxiko dute eta auto pilaketak sor daitezke. Ondorioz, zarauztarrei eta herrira datozen bisitariei Zarauztik Zumaiara joateko A-8 autobidea erabiltzea gomendatu du Zarauzko Mugikortasun sailak. Hala, Zarauzko sarreran, Egoki tabernako bidegurutzean eta Zarauzko Parrokia parean Zumaiara A-8tik dioten hesi informatiboak jarriko dituzte. Lasterkariak igarotzen diren uneetan mozketak izango diren arren, errepidea Zarautz-Getaria-Zumaia noranzkoan zabalik egongo dela adierazi dute Getatri taldeko kideek. Beraz, Zarauztik Getariara joan nahi duten autoek errepidea zabalik izango dute, baina arretaz gidatzeko eskatu dute antolatzaileek; alde batetik, lasterkariak babesteko, eta bestetik, auto pilaketekin aurkitu daitezkeelako. Autobus zerbitzuak ohiko ibilbidea eta ordutegia mantenduko du printzipioz, baina ordutegiek aldaketak izan ditzaketeela jakinarazi dute antolatzaileek, lasterkarien segurtasuna bermatzeko komenigarria dela ikusten badute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide