Eskualdeko bost herri lehiatuko dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2017ko apirilaren 27a

Azpeitiak, Azkoitiak, Oriok, Zestoak eta Zumaiak parte hartuko dute eskuzko txapelketan. Zumaiak, gainera, zesta-puntako txapelketan ere izango du taldea. Maiatzeko lehen asteburuan hasiko dira lehiak.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren aurkezpena. (Gipuzkoako Pilota Federazioa) Maiatzaren 7an hasiko da 50. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, eta eskualdeko bost herritako taldeak ariko dira lehian. Eskuzko pilota txapelketan izena eman dute Azpeitiak, Azkoitiak, Oriok, Zestoak eta Zumaiak. Iazko txapelketaren alderatuz gero, Orio eta Zumaia batu dira txapelketara, eta Aiak ez du parte hartuko aurtengoan. Zumaiak, gainera, zesta-puntako txapelketan ere izango du taldea. Oriok final hamaseirenetatik hasi beharko du lehian. Asteasuren aurka jokatuko dute kanporaketa, eta lehen partidan Asteasun eta bigarrena etxean neurtuko dituzte indarrak. Kanporaketa hori irabazten duen taldeak Azkoitiaren aurka jokatu beharko ditu final zortzirenak. Maiatzaren 21eko eta 28ko asteburuetan izango dira final zortzirenak, eta orduan hasiko da lehia Zumaiarentzat, Azpeitiarentzat eta Zestoarentzat ere. Zumaiak Zumarragaren aurka neurtuko ditu indarrak, Azpeitiak Tolosarekin eta Zestoak Oñatirekin. Zesta-puntako Zumaiako taldeak Mutrikuren kontra jokatuko du lehen norgehiagoka. Orotara, edizio honetan 21 herrik eman dute izena eskuzko txapelketan, zortzik palakoan eta hiruk zesta-puntakoan. Taldeek oraindik ez dituzte zehaztu zein pilotarik jokatuko dituzten txapelketak. Maiatzeko lehen asteburuan hasiko dira txapelketa guztiak, eta dagoeneko zehaztu dituzte txapelketa bakoitzeko finalen datak. Palako finala ekainaren 4an izango da, ekainaren 18an zesta-puntakoa eta uztailaren 1ean eskuzkoa. Gipuzkoako Pilota Federazioak azaldu duenez, proposamenei erantzunez, aurten, larunbat arratsaldez jokatuko dute eskuzko txapelketaren finala Donostiako Atano pilotalekuan. Iazko edizioan txapeldun izan zen Azpeitia, Astigarraga 3 eta 0 mendean hartuta. Azpeitiarrek, guztira, bost txapel lortu dituzte Herriarteko Txapelketaren 49 edizioetan. Garaipen gehien lortu dituen herria, berriz, Azkoitia da; izan ere, 16 aldiz jantzi dute txapela Azkoitiko pilotariek, eta sei aldiz izan dira txapeldunorde. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren 49. edizioa irabazita, Euskal Herriko Herriartekoa jokatu zuen Azpeitiak iaz, eta txapelketa horretako finalera iritsi ziren Ilunpeko pilotariak. Dena den, azpeitiarrek ezin izan zuten Euskal Herriko txapela jantzi, 1 eta 2 galdu baitzuten Donezteberen aurkako finala Zarautzen. Zesta-puntako txapelketan, berriz, Zumaia da txapel gehien lortu dituen herria; hain zuzen ere, zortzitan irabazi dute txapelketa, eta bederatzitan izan dira txapeldunorde. Iazko txapelketan bigarren egin zuen Zumaiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide