Festetako anaia nomadak

Izaskun Urbieta Esnal 2017ko apirilaren 26a

Garcia anaiak 25 urte baino gehiago daramatzate herriz herri eta festaz festa barraketako bi posturekin. Santelmoetan hasi dute aurtengo denboraldia.

Juan Carlos eta Miguel Angel Garcia anaiak postuetako batean. (Izaskun Urbieta) Juan Carlos eta Miguel Angel Garcia anaiek barraketako bi postu dituzte. Lehenengoak dardoen jokoa dauka, eta bigarrenak, berriz, ahateena. Zumaian lehenak izan ziren lanbide horretan, eta oraindik ere bakarrak izaten jarraitzen dute. Lehendabizi Miguel Angel hasi zen, eta bizpahiru urte geroago, Juan Carlos batu zitzaion. "Hasiera batean, tiobibo eta beste barraketako langile moduan hasi ginen. Aurrerago, gure negozio propioa jartzea bururatu zitzaigun", aipatu du Juan Carlosek. Zumaiara etortzen ziren barraketako jendearekin txunditu egiten ziren Garcia anaiak. Inguruko lantegietan lanean sartzeko aukera askorik ez, eta lanbide honetan probatzeko erronkari heldu zioten. "Lana eskatzera joan nintzen, hartu ninduten eta denboraldi bat beraiekin egin ondoren, bizimodua gustatu zitzaidan, eta neu ere negozio honetan sartzea pentsatu nuen", adierazi du Miguel Angelek. Euskal Herrian zehar ibiltzen dira beraien bi postuekin eta karabanarekin batera. Batez ere, Gipuzkoako herriak dituzte geraleku. Adibidez, Oñati, Azpeitia, Zumarraga, Mutriku, Getaria eta Deba. Juan Carlosen kasuan, denboraldia herrian hasten du, Zumaian. Handik urria bitartean jarraian egiten du lan. Azaroan geldirik egoten da, eta Orioko San Nikolas jaietan berriro zabaltzen du postua. Egun horiek amaituta, hurrengo urteko santelmoak arte atseden hartzen du. Miguel Angelek, ordea, Tolosako inauterietan abiatzen du denboraldia, eta urrian amaitzen du, anaiarekin batera. Aspertzeko betarik ez Errutinan murgildutako bizimodurik ez dute. Gutxi gorabehera lauzpabost egunetik behin herriz aldatzen dira, eta ongi daramate hori. "Nori ez zaio gustatzen herriz herri ibiltzea, jende berriarekin egotea eta jai giroan murgilduta bizitzea?", galdetu dute biek. Hain zuzen ere, festa giroan lan egiteak ez die inongo penarik ematen. "Festetan egotea gustatzen zaigu. Jendea pozik egoten da, alai, eta guregana ere horrela etortzen dira. Guk lana egin behar dugu besteek jai dutenean, baina pozik gaude. Azken finean, guk aukeratu genuen bizimodu hori", nabarmendu dute. Hala ere, festez gozatzeko parada hartzen dute noizbehinka. Batzuetan, barraketako beste lagunekin zerbait hartzera joaten dira. Geldirik daudenean Zumaian bizi ohi dira, baina festen denboraldian karabana batean bizi dira. "Gu biok guretzako karabana bat dugu, eta batzuetan ama ere gurekin etortzen da", aipatu dute. Barraketako guztiek elkarrekin jartzen dituzte karabana guztiak, eta familia handi baten modukoak direla kontatu dute. "Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Ia beti berdinak ibiltzen gara herri guztietan,  eta, beraz, lagunak gara", esan dute. Arratsaldez zabaltzen dituzte bi postuak, 16:30ean. "Ordu horretan hasten dira umeak eta gaztetxoak barraketara etortzen, eta gaueko 23:00ak aldera arte egoten gara. Su artifizialak egonez gero, 00:00ak arte ere luzatu daiteke lanaldia", adierazi dute. Aurten pare bat lapurreta izan dituzte, eta pasadizo horrekin nahiko triste agertu dira: "Zumaian bakarrik jasan ditugu lapurretak, eta tristea da. Gure herrian, alajaina". Repetizioak dira asteburu honetan, baina Miguel Angel Andoainen izango da. Sanpedroetan itzuliko da berriz etxera. Anaia, aldiz, Zumarragan izango da sasoi horretan, Santa Isabel jaien atarian. Handik aurrera, batera egingo dute udaldia karabana hartuta. Giroa jarri eta opariak banatzen saiatuko dira. "Gurekin beti tokatzen da saria".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide