Horrez gain, aurten, kadete mailako lasterketa antolatuko dute, 14,14 kilometroko ibilbideduna, eta Espainiako kadete mailako txapelketa izango da. Maratoiko eta maratoi erdiko ibilbideak bere horretan mantendu dituzte, nahiz eta aldaketa txiki batzuk egin dituzten. Maratoiaren kasuan, Mendatako igoera zuzenago egingo dute, labarraren paretik. Mendi maratoiari dagokionez, berriz, Elorriaga parean harralderantz zegoen jaitsiera-igoera kendu egin dute, ibilbidea samurtzeko. Bestalde, Talaimendiko azken aldapa igo ondoren helmugaranzko bidea Itzurungo aldapatik egingo dute, San Telmo kaletik jaitsi beharrean.
Lasterketak 8:30ean hasiko dira, baina aurrez omenaldia egingo diote Juanito Oiarzabal mendizaleari. Oiarzabalek berak hitzaldia eskainiko du ekainaren 23an Aita Mari aretoan, 19:30ean hasita, eta 2011n Lothse mendira egin zuen igoeraren inguruko ikus-entzunezkoa eskainiko du.
Aurten ere 300 boluntariok baino gehiagok ariko dira lanean egunean bertan, proba behar bezala atera dadin. Bestalde, gizarte ekintzara laguntza bideratzen jarraituko dute antolatzaileek, eta Aspanogi, Markelen Irria, Hegoak Astinduz eta SOS Himalaya taldeak diruz lagunduko dituzte.
Lasterketaren webgunean aurkituko dituzue aurtengo araudia, ibilbideen mapak eta beharrezko informazio guztia: zumaiaflyschtrail.com