Herri galdeketan parte hartzera deitu dute Zumaiako azken sei alkateek eta 50 bat zinegotzik

Baleike.Eus 2017ko apirilaren 8a

Maiatzaren 7an Ontziratu taldeak antolatu duen herri galdeketan parte hartzeko deia egin dute gaur goizean udaletxe aurrean 1979ko lehen udal hauteskunde demokratikoak egin zirenetik aukeratuak izan diren sei alkateek eta 50 bat zinegotzi eta hautetsik. "Demokrazia herritarron erabakia da, eta erabakitzeko eskubidea demokraziaren adierazpen gorena", esan dute agerraldian.

Ez da irudi ohikoa gaur goizean udaletxearen aurrean ikusitakoa. Azken 37 urteetan, Francoren ondorengo udal hauteskundeetan aukeratutak izandako sei alkateak elkartu dira hainbat zinegotzi eta hautsirekin batera, maiatzaren 7an Euskal Herriaren etorkizunaz Zumaian eta Urola Kostan egingo den herri galdeketari babesa adierazteko, eta herritarrak parte hartzera deitzeko. Honako ohar hau irakurri dute: "1979an lehen udal hauteskunde demokratikoak egin zirenetik gaur arte Zumaiako Udalean izan garan zenbait hautsi, alkate eta zinegotzi elkartu gara eta hau adierazi nahi dugu: Demokrazia herritarron erabakia da, eta erabakitzeko eskubidea demokraziaren adierazpen gorena. Euskal Herriko herritarrok gure herriaren etorkizunari buruz kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dugu. Hori dela eta, Zumaian 2017ko maiatzaren 7an egingo den herri galdeketa bultzatuko eta babestuko dugu. Gu erabakitzera goaz eta dei egiten diegu Zumaiako herritar guztiei maiatzaren 7an Ontziratu taldeak sustatu duen herri-galdeketan parte hartu dezaten eta libre eta demokratikoki bere borondatea eta erabakia adieraz dezaten". Baleike atarian irakur daitezke adierazpen guztiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide