Amalur ikerketa-gunea ireki du Etxetar enpresak Santa Klara azpian

Gorka Zabaleta 2017ko apirilaren 7a

Xoxokoek ikuilua zuten eraikinean prestatu du zentroa talde honek. Aldundiaren esku utzi dute eraikina inguratzen duen 11 hektarea inguruko lur-sailaren kudeaketa

Etxetar taldeko eta aldundiko ordezkariak, Amalur eraikinaren kanpoaldean. (Gorka Zabaleta) Xoxokoek ikuilua zuten eraikinean prestatu du Etxetar Group enpresa taldeak Amalur ikerketa-gune berria. "Informazioaren eta ingurumenaren teknologiekin zerikusia duten negozio berriak garatzeko gunea izango da batez ere", azaldu du enpresa taldeko zuzendari nagusi Josu Azkuek. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi dute eraikina inguratzen duen 11 hektarea inguruko lur-sailaren kudeaketa, eta biotopo babestuaren ordenazio planak zehazten dituen ekintzak egin ahal izango dira. Gainera, aldundiak eraikina erabiltzeko aukera izango du, biotopoarekin zerikusia duten jarduerak antolatzeko. Santa Klara azpian, Algorri alderako magalean, itsasoari begira zegoen ikuilua aukeratu du Etxetar Group enpresa talde gipuzkoarrak bere ikerketa-gune berria zabaltzeko. Teknologiaz hornitutako bilera gelak eta zerbitzu osagarriak ditu 370 metro koadroko azalean. "Ingurumenarekin eta informazioarekin zerikusia duten proiektu teknologiko berriak garatu nahi ditugu, horretan ari gara dagoeneko, eta ideia berri horiek garatzeko gune bat nahi genuen, gune berezi bat", esplikatu du Azkuek. Miramongo parke teknologikora joan baino, nahiago izan dute esanahi berezidun leku bat bilatu. "Etxetar Group Gipuzkoan errotuta dagoen enpresa talde industriala da [hamar lantegi eta 500 langile inguru dira]. Gipuzkoan sustraituta gaude [Arroa Behea, Itziar, Elgoibar, Irura, Lazkao...] eta hemen jarraitzeko apustua egin dugu. Nazioartea da gure merkatua [%90 kanpora saltzen dute], baina gure ingenieritza eta ekoizpen guztia hemen mantendu dugu, ez gara Txinara joan. Hemengoak garela eta hemen jarraituko dugula adierazten duen gune bat nahi genuen, gurekin lan egiten duten bezeroei ere konfiantza transmititzeko. Hau baino leku esanguratsuagorik ezin genuen aukeratu, milioika urteko historia gordetzen duten haitzen ondoan". Sektore tradizionaletan oso ondo kokatuta dagoen enpresa taldea da Etxetar –adibidez, autogintzan–, baina negozio berriak sortu nahi dituzte. "Guk garbi daukagu Gipuzkoan lanpostuei eutsi nahi badiegu ezin dugula ekoizpen hutsaren bidetik jo; balio erantsi handiko produktuak sortu behar ditugu, eta horretarako ingeniaritza eta ikerketa dira funtsezkoak, betiko sektoreetan lidertzari eusteko eta negozio aukera berriak zabaltzeko. Hori dena aurrera eramaten lagunduko du Amalur zentroak", azaldu du Azkuek. Biotopo babestuan Lekua begiz jo ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiarengana zuzendu zen Etxetar taldea, proiektua legez bideragarria ote zen jakiteko. Aldundiko ingurumen teknikari Jon Zulaikak gogoan du lehen bilera hura. "Esplikatu zigutenean proiektua eta zer asmo zituzten, nahikoa ezustean harrapatu gintuzten. Izan ere, hasieratik planteatu ziguten ikuilua inguratzen duen 11 hektareako lur-sailaren kudeaketa gure esku utziko zutela. Eraikina aldundiak erabiltzeko aukera ere jarri ziguten mahai gainean. Horrelako proposamenak ez dira batere ohikoak". Eraikina eta lur-saila biotopo babestuaren eremuan daudenez, ordenazio planak arautzen du zer egin daitekeen eta zer ez. Horrela azaldu du Zulaikak: "Eraikinari dagokionez, ordenazio planak printzipioz nekazaritza ustiapen baterako dela jasotzen du. Eta jarduera berri bat hastekotan, esaten du ingurumenaren ikerketarekin izan behar duela lotura, edo bestela Biotopoaren kudeaketarekin. Horiek dira baimentzen diren jarduerak". Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritziz, biotopoaren ordenazio planarekin bateragarri izateaz gain, bultzatu beharreko akordio eredugarria da lortutakoa. "Biotopoaren ordenazio planak zehazten dituen ekintzak aurrera eramateko zailtasun handiak ditugu, lur-sail gehienak jabe pribatuenak direlako. Guk hamaika gauza nahi ditugu egin, baina gehienetan ezin dugu. Hau sekulakoa izan da guretzat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide