Carmela Peñalba izango da Zumaian eskainiko duten surf programaren irakaslea. (Carmela Peñalba)
"Emakumeak surfarekin gozatzea lortu nahi dut, eta horrekin batera, itsasoari beldurrik ez izatea eta, batez ere, lotsa alde batera uztea. Horixe da proiektu honetan jarri dudan helburua", adierazi du Carmela Peñalba irakasleak. Zumaian surfa egiten duten emakume gutxi daudela esan du, duela gutxira arte bera bakarrik izan dela emakume bakarra. "Zumaian, emakumeen artean ez da egon surferako zaletasun edo ohitura hori. Gizonezkoak aritu dira beti, eta nik beraiekin egin izan dut surfa. Orain neska gazte batzuk badaude, baina apenas gehiago", nabarmendu du. Peñalbaren ustez, jarraikortasun falta dago. Udan haur eta gazte dezente ibiltzen dira, bai neska bai mutil, baina neguan hutsune handia sumatzen da. Faktore horri, gainera, lotsa eta beldurra gehitu behar zaizkio.
2014an jaio zen Emakumea Surflari proiektua. Hutsune edo gabezia horri konponbidea emateko: emakumeak surf egitera animatu nahi zuen proiektuak. Hasiera batean, Zarautzen, Deban eta Hondarribian nahiz Hendaian eskaintzen zen programa, baina aurten, lehenengo aldiz, Zumaian ere jarriko dute martxan. Gipuzkoako Surf Federazioak antolatzen duen ekimena da, eta aldundiaren babes osoa du. "Gipuzkoako Foru Aldundiari hasieratik gustatu zitzaion ekimena, eta urte hauetan hazten ari den proiektua da, gainera", azaldu du. Hasieran, Zarautzen irakasle izateko proposamena jaso zuen Peñalbak. "Baina zergatik ez dugu Zumaian egingo?, pentsatu nuen, eta antolatzaileei ideia ona iruditu zitzaien".
Surf giroa piztu
Izen-ematea apirilaren 20ra arte dago zabalik, eta orain arte izaten ari den arrakastarekin pozik agertu da. Ekimena urtean bitan antolatzen da: bata, udaberrian, eta bestea, udazkenean. Iaz, bi txandak batuta, 110 bat emakumek eman zuten izena, eta aurten, dagoeneko kopuru hori berdindu dute. "Zumaian, momentuz, 30 bat emakumek eman dute izena. Harrituta eta pozik nago era berean", aitortu du.
Maila eta ordutegi ezberdinak eskaintzen dira. "Zumaiako kasuan, denak A edo A+ maila izango dute. Izena eman dutenekin hitz egin dut, eta gehienak ez dute inoiz surfa egin, eta probatu dutenek ere askorik ez dakite. Beraz, maila horretan kokatu ditut", adierazi du Peñalbak. Printzipioz, hiru egunetan eskainiko da surfa egiteko aukera: asteartetan, 18:00etatik 20:00etara; ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan ere goiz eta arratsaldez, ordutegi berean. "Saio bakoitzean gutxienez hiru pertsona beharko dira taldea osatzeko, eta gehienez ere sei izango dira".
Ikastaroa apirilaren 24ean hasi eta zazpi astez luzatuko da. Parte hartu nahi duten emakumeek egokien etortzen zaien ordutegia aukeratu beharko dute. "Astean behin, bi orduko saioa izango dute, beraz. Hasiera batean, teoria pixka bat azalduko dut, baina denbora gehiena uretan pasatuko dugu".
Materiala ZISKEk utziko du, neoprenozko trajea izan ezik. "Instalazioak erabiltzeko eskumena ere izango dugu, eta ordaintzen den kuotarekin urte guztirako federatuta egongo dira parte hartzaileak".
Peñalbak eskarmentua du surf egiten irakasten. Dagoeneko bi urte eman ditu udan haurrei ikastaroak ematen, baina proiektu hau erronka bat da beretzat. "Izena eman dutenak ni baino zaharragoak dira, eta hori gustatzen zait, zerbait positiboa dela iruditzen zait. Gainera talde heterogeneoa da, eta horrek bizitasuna ematen dio". Ikasleek konfiantza hartzea du helburu: "Itsasoari beldurra kentzea eta, batez ere, lotsa alde batera uztea lortu nahi dut. Duguna baloratzen eta aprobetxatzen ikastea nahi dut. Gozatzea, azken finean".