Bihar zabalduko ditu ateak Zumaiako komentuko erromesen aterpetxeak

Baleike.Eus 2017ko martxoaren 31

Apirilaren 1etik urriaren 15a bitartean, San Jose komentuko aterpetxeak bere ateak zabalduko ditu udalerritik pasatzen diren ibiltariei ostatua emateko. Iaz bezala, irabazi asmorik gabeko Gipuzkoako Donejakue Bide Lagunen elkartea izango da aterpetxeko kudeaketaren arduraduna. Horrenbestez, Zumaiatik pasatzen diren erromesek borondatezko dohaintzaren truke lo egin ahal izango dute komentuko aterpetxean. Ordutegia 15:00etik 22:00etara izango da, eta eguneko gehienez 25 laguni eskainiko zaie ostatua. Irabazien herena Zumaiako Udalari emango dio elkarte arduradunak, eta udalak, aldi berean, iazko ekimenari jarraipena emanez, helburu sozialak dituzten elkarteen artean banatuko du diru hori. Gainerakoa aterpetxeko gastuak ordaintzeko erabiliko dute; besteak beste, argindarra, ura, gasa eta mantenua. Aterpetxea kudeatuko duen elkarteak, Donejakue bidea eta erromesen bidaiatzeko filosofia nahiz beharrak ondo ezagutzeaz gain, Gipuzkoa zeharkatzen duten kostako zein barnealdeko bideak berreskuratzea eta indartzea du helburu. Gizarte ekimenak Behin aterpetxeko gastuak estalita, urtean zehar jasoko den dirua gizarte ekimenetara banatuko da. Iaz hiru elkarteren artean banatu zutenn: Errefuxiatuen harrera taldea, Atzegi eta Lourdesko Amaren Abegi elkartea, hain zuzen ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide