Ontziratu: "Orain da maiatzaren 7ko galdeketa antolatzeko momentua"

Baleike.Eus 2017ko martxoaren 31

Herri galdeketarako hilabete falta den honetan, Ontziratu plataformak bilera irekia deitu du larunbaterako. Egin behar diren eginkizunetarako laguntzaileak behar dituzte.

Axun Elduaien eta Mendigaña Gorostiaga, Ontziratu taldeko kideak. (Izaskun Urbieta) "Jendeari laguntzera etortzeko indarra edo bultzada eman nahi diogu. Horretarako egingo dugu larunbateko batzar irekia", aipatu dute Ontziratuko partaide diren Mendigaña Gorostiagak eta Asun Elduaienek. Hilabete eskas gelditzen da herri galdeketarako, eta tartean Aste Santua eta santelmoak izaki, gelditzen den denbora ez da oso handia. "Apirila nahiko jaiegunez beteta daukagu, eta, beraz, antolatzeko momentua iritsi da. Gainera jendea galdezka ari da, parte hartzeko gogoa dute askoek. Horregatik, larunbateko bileran, hemendik aurrera gelditzen diren eginkizunen berri emango du­gu", adierazi du Gorostiagak. Alondegian egingo dute bilera, 11:00etan, eta bertan izena emateko aukera egongo da, baina batez ere, lantaldeak zeintzuk izango diren azaltzeko parada hartuko dute antolatzaileek. "Gehienbat, galdeketaren egunerako beharko dugu jendea. Nahiz eta aurrez egiteko beste eginkizun batzuk izan", aipatu du Elduaienek. Batetik, bozkatzeko mahaietan egoteko pertsonak beharko dituzte. Hiru bozkaleku izango dira –Beheko plaza, Poligonoa eta Oikia–, eta bakoitzean bi mahai egongo dira. Horiek hiru pertsonez osatuta egongo dira. "Bi kide eta ordenagailuan ongi moldatzen den beste pertsona bat", aipatu dute. Prestakuntza orokorrerako pertsonak ere beharko dituzte. Talde honetako laguntzaileak bozkalekuak ipintzen ariko dira, eszenatokia muntatzen, boto paperak jartzen… "Elektrizitate lanez arduratuko direnak ere beharko ditugu, eta baita kaleko salmenta burutuko dutenak ere", adierazi dute. Haurrentzako txoko bat jartzea aurreikusi dute, eta eszenatokian musika eta abar izango dira. Hori guztia Beheko plazan atonduko dute. Amaitzeko, eta prozesua behar bezala doan ikusteko, kanpoko eta independenteak diren begiraleak etorriko dira. "Izen ona edo prestigioa duten pertsonak dira, prozesuarekin zerikusirik ez dutenak. Dena garbi egiten ari dela kontrolatuko dute", esan du Elduaienek. Eginkizun ia guztiak maiatzaren 7an bertan egitekoak izango dira, baina aldez aurretik egin beharreko lan batzuk ere badaude. "Etxeko atarietan informazioa banatzeko jendea beharko dugu, baita boto paperak etxeetara eramateko ere. Baina beste guztia egunean bertan egingo da", aipatu du Gorostiagak. Izen-emateko aukerak Bakoitzak bere burua ongien ikusten duen lan taldean kokatu ahal izango du, eta beharraren arabera, talde batean jende kopuru handiagoa edo txikiagoa egongo da. Laguntzaile bezala parte hartzeko baldintza bakarra 16 urtetik gorakoa izatea da. "Botoa emateko gutxieneko adina ere  hori bera da, baina Zumaian erroldatua egon beharko da. Laguntzeko, aldiz, ez da baldintza hori bete behar. Norbait laguntzeko prest azaltzen bada, nahiz eta herrian erroldatua ez egon, ez da arazorik izango", nabarmendu du Gorostiagak. Izena emateko aukera dagoeneko zabalik dago, larunbatetan jartzen duten postuan. "Han betetzeko orriak ditugu, eta larunbateko bileran ere izango da aukera. Horretaz gain, Baleike-n, gure komunitateko profilean, izena emateko aukera jarriko dugu lotura baten bidez, eta posta elektronikoz (galdeketazumaia@gmail.com) ere jasoko ditugu", adierazi dute. Eginkizun guztiak antolatzeko, Azpeitiko herri galdeketaren eredua hartu dute oinarri gisa. "Haiek lan asko eginda zuten eta lagundu ere egin digute eginkizunak zehazten. Beraiek egindako banaketa egokia zela iruditu zitzaigun, eta guk ere antzekoa egin dugu", esan du Elduaienek. Azken txanpan murgilduta aurkitzen da antolakuntza taldea, eta lan karga dezenterekin. "Horregatik, jendeari zera helarazi nahi diogu: maiatzaren 7ko herri galdeketa egon dadin, hau da momentua. Hau da guztiok elkar lagundu eta antolatzeko garaia, bestela ez da galdeketarik izango. Beraz, oso garrantzitsua da larunbatean Alondegia betetzea, eta jendea izena emateko gogoarekin joatea. Hortik aterako da maiatzaren 7ko prestakuntzarako indarra".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide