Jon Ansorena, Gorka Catediano eta Maria Zubimendi Zukan Hirukoteko kideak. (Zukan)
Maria Zubimendi akordeo-jotzaile zumaiarra kide duen Zukan Hirukoteak bi kontzertu emango ditu datozen egunotan. Lehena igandean da, 12:00etan, Zumaiako Oxford aretoan. Darahli elkartearen 10. urteurreneko ekitaldien barruan joko dute. Datorren ostegunean, berriz, Donostiako Tabakalera zentroan dagoen Kutxa Kultur Klubean joko du.
Zubimendi Suitzan ari da musika ikasketak egiten, eta posta elektroniko bidez erantzun du. Suitzakoa esperientzia aberasgarria dela esan du: "Musika garaikidearen inguruan master bat egiten ari naiz Basilean. Europa mailan alor honetan oinarritutako master bakarrenetakoa da, Grazekoarekin (Austria) batera. Aukera bikaina da gaur egun musikan mugitzen diren interprete, konpositore eta hainbat pertsona ezagun ezagutu ahal izateko. Nire interes beretsuak dituzten instrumentu desberdinetako ikasleekin elkarlanean aritzeko ere aukera ona da. Esperientzia honek etorkizunean proiektu eta kolaborazio berriak erraztuko dizkit".
Zukan Hirukotea Gorka Catedianok (perkusioa), Jon Ansorenak (txistua) eta Zubimendik osatzen dute. Musikenen ikasten ari zirela osatu zuten taldea, 2014an. "Proiektu bat antolatzeko deialdia iritsi zitzaigun Musikeneko zuzendaritzatik, eta formazio horrentzako obrarik ia ez zegoen. Orduan, gure arteko bikote konbinaketa desberdinez osatutako kontzertu bat proposatu genuen. Lan prozesu horretan, konturatu ginen talde gisa ikaragarri ondo moldatzen ginela, eta erabaki genuen Zukan Hirukotearekin jarraitzea. Gaur egun, konpositore desberdinekin elkarlanean, musika berria produzitu eta publikoari aurkeztea da gure helburuetako bat", azaldu du Zubimendik.
Abangoardian barrena
Talde soila baino, laboratorio bezala ikusten du Zubimendik hirukotea. "Gure instrumentuek lengoaia garaikidearen barruan izan duten garapen indibiduala elkartu, eta formazio honek eskaintzen dizkigun aukera berriak aztertzen ari gara pixkanaka. Gurekin lanean ari diren konpositoreentzat ere esperientzia polita da inoiz idatzi ez duten konbinaketa batentzat konposatzea eta, horregatik, elkarren artean oso desberdinak diren obrek osatzen dute gure errepertorioa".
Zumaian igandean emango duten kontzertuan bide berriak jorratuko dituztela dio akordeoi-jotzaileak. "Lehen zatia betidanik jotzen dugun obra bat izango da, J. Astiazaran konpositoreak idatzi zigun obra bat, hain zuzen ere. Kontzertuan protagonista, baina, saharar musikaren inguruan egin ditugun pare bat moldaketa izango dira". Igandekoa emanaldi berezia izango dela dio Zubimendik: "Zerbait berezia nahi genuen. Beraz, saharar musikaren grabazio batzuk lortu nituen nire ahizparen bitartez eta bertatik egin ditugu egokitzapenak. Musika etnikoan izango dugun lehen esperientzia da, baina asko gustatzen zaigu eta ilusioz gaude".
Apirilaren 4an, 5ean eta 6an Iruñeako eskoletan arituko dira proiektu pedagogiko batekin. "umeentzako idatzitako ipuin bat da, txotxongiloen bitartez antzeztua, eta U. Iraizoz konpositoreak idatzitako musikaz lagunduta. Aurkezpena ondo badoa, proiektua eskola gehiagotara mugitzea da helburua, umeen sentsibilizazio musikala bultzatzeko helburuarekin".
Apirilaren 5ean Donostian (19:30) eta 6an Zaragozako Kontserbatorioko Aretoan
Soinuzko begiradak izeneko kontzertuak emango dituzte. "Egungo lau konpositoreren obrak joko ditugu. Kontzertuetan obrak interpretatzeaz gain, obrei buruzko azalpen labur bat egin ohi dugu, entzulea musika garaikidera gerturatzeko asmoz".