Darahli: 10 urteren kontakizuna

Baleike.Eus 2017ko martxoaren 29a

RECrea produkzio taldeak lehenengo film luzea aurkeztuko du ostiralean Oxforden, 19:00etan. ‘Darahli 10 urte: hautsitako denbora’ dokumentala da egin duten lana

RECrea taldekoak (Izaskun Urbieta). Lagunarteko ideia batetik sortu zuten RECrea produkzio taldea. Hainbat lan egin dituzte orain arteko bidean, azkena Darahli elkartearen 10. urtemugaren inguruko dokumentala da: Darahli 10 urte: hautsitako denbora. Ostiralean aurkeztuko dute jendaurrean, 19:00etan, Oxforden. Iñaki Atriainek eta Mikel Castellanok produkzio etxe bat sortzeko ideia izan zuten jai giroan, taberna batean. "Horrelako kontuak askotan leku horietan jaiotzen dira", kontatu dute barrez. Hitzetatik ekintzetara denbora laburrean egin zuten jauzia, ordea. "Alferrik da hizketan denbora askoan jardutea, ideia bat izan eta hori garatzea da onena", azaldu dute RECrearen sortzaileek. Hala, sentsibilizazio edo kontzientziazio kanpaina bat egitea bururatu zitzaien hasieran. Gipuzkoako Abereen eta Landareen babeslekura joan ziren, eta bertan aurkitzen diren animaliei buruzko erreportaje antzeko bat osatu zuten: "Proiektu guztietatik ikasten da zerbait, eta horretan, lehenengoa zenez, hainbat gauzek ihes egin ziguten". Segidan egin zuten proiektua flashmob-a izan zen. Zumaiako Bandako zuzendaria den Jose Mari Azkuerekin hitz egin zuten, eta hari ere ideia bikaina iruditu zitzaion. "Guretzako superprodukzio bat izan zen. Lehenengo aldiz zuzenean grabatu behar genuen, zortzi kamerarekin... Flashmob-ak grabaketa modu ezberdina eskatzen du, eta erronka bat izan zen. Lan horrekin ere asko ikasi genuen". Gainera, lan horrek herrian taldea ezagutarazteko aukera eman zien: "Ekitaldiak indarra izan zuen eta gure emaitza txukuna atera zen, nahiz eta akatsak izan zituen". Ondoren, Zumaiako neska atezainen inguruko bideoa osatu zuten. Iñaki Atriainek entrenatzen ditu, eta opari moduko bat egin nahi izan zien haiei. "Hasieran beraientzako opari bat izatea zen gure helburua, azkenean, ordea, errebindikazioaren eta emakumearen aldeko bideo bat atera zen", esan du Atriainek. RECrea taldeak egindako proiektu ia guztiek kontzientziazioarekin eta sentsibilizazioarekin lotura izan dute. Kasualitatea izan dela diote, baina horrelako gaiak ere atseginez egiten dituztela nabarmendu dute: "Jendearengana iristeko errazagoa da, baita proiektua bera birala bihurtzeko ere", esan dute. Darahlik proposatuta Aurretik egindako lanen ondoren etorri zitzaien Darahlikoen proposamena. RECrea taldeko Ekain Albite Darahlikoekin 2015ean joan zen Tindoufeko kanpalekuetara. Baina aurten elkartearen 10. urteurrena ospatzen dela eta, Samuel Ruiz irakasleak dokumental bat egitea proposatu zion Albiteri: "Taldean komentatu nuen eta guztioi gustatu zitzaigun. Gidoia prestatzen ibili gara denbora luzez, grabaketak egin ditugu eta muntaiaren azken detaileak amaitzen ari gara". "Garbi" azaldu nahi izan dute Darahli elkarteari buruzko dokumentala dela, "ez da Saharari buruzko dokumentala edo Mendebaldeko Sahararen historiari buruzkoa". RECrearentzako aurreneko lan luzea da. Gidoiaren lanketa izan da lan gehiena eman diena. Grabazioa eta muntaia azkarrago egin dituzte. "Zerbait berritzailea egin nahi izan dugu, betiko dokumentalaren ezaugarrietatik pixka bat aldenduta. Hori dela eta, gidoia egiteko prozesua luzea izan da". Grabaketa guztiak aste bakar batean egin dituzte, egunero 3-4 elkarrizketa eginez. "Guztira 18 elkarrizketa egin ditugu, eta horiek egiteko aurretik prestatu genituen galderak. Elkarrizketatu bakoitzari bost galdera egin dizkiogu", azaldu dute. "Bakoitzaren sentipenak jasotzea izan da nahia; adibidez, transmititzea  ume saharar batek zer sentiarazten dien. Momentu hunkigarri dezente jaso ditugu". Elkarrizketatuak bidaietara joan diren ikasleak izan dira batik bat. "Horiez gain, Samuel Ruiz eta Ibon Ibarguren irakasleak, Zumaiako alkate ohi Iñaki Agirrezabalaga, Gorka Zabaleta kazetaria, Peio Romatet argazkilaria, Bakeleku udalekuetan parte hartzen duen herritar bat, ume saharar bat ekartzen duen ama bat... Ikuspuntu anitzak bilatu nahi izan ditugu". Hiru etapatan banatuta Dokumentala hiru etapa nagusitan banatu dute: lehenengoa 2005etik 2011ra artekoa da, "iragana litzatekena". Bigarrena, berriz, 2011tik 2015era artekoa da, "gaur egungoa bezala hartu dugu". Hirugarren etapa, "etorkizuna" litzateke, 2015etik aurrerakoa. "Etapa horiek Darahlik egin dituen bidaiekin zerikusia dute, eta, hain zuzen, bidaia horiek dira dokumentalaren oinarria. Lehenengo bi bidaiak aurreneko etapan egin ziren. Hirugarren eta laugarren bidaiak, berriz, bigarrengoan, eta bosgarren bidaia hurrengo urtean izango da, eta hori hirugarren etapan sartuko da". Bide batez, Bakeleku udalekuei ere tartea egin diete dokumentalean. 2012an sortutako proiektu horretan udan ume sahararrak ekartzea dute helburu. "Gaur egun familia gutxik ekartzen dituzte ume sahararrak uda hemen pasatzera, eta gabezia horren ondorioz sortu ziren udaleku horiek", esan dute. Gogoarekin, baina urduri Produkzio eta grabaketa aldetik orain arte izan duten proiekturik handiena izan da Darahliri buruzko hau. Estreinaldirako gogotsu daude, baina baita urduri ere: "Jendaurrean aurkezten dugun lehen proiektua da. Irrikitan gaude erakusteko, baina urduritasun puntu bat daukagu". Hurrengo proiektu handia Batukaden topaketaren grabazioa izango dute RECrea taldekoek. Arrasaten izango da aurten, maiatzean. "Esparru ezberdinak ukitzea da gure nahia, eta hurrengo lan horrek ez du orain arte egin izan dugunarekin zerikusirik izango", azaldu dute taldekideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide