Hassanna Aalia: "Babes politikoaren borroka ez da nire borroka bakarrik izan"

Baleike.Eus 2017ko martxoaren 28a

Pasa den urrian, bost urteko borrokaren ondoren, babes politikoa lortu zuen Hassanna Aalia ekintzaile sahararrak. Ostiralean izan zen Zumaian, Alondegiko Oxford aretoan, ‘Ni ere errefuxiatua naiz’ hitzaldia ematen.

Hassanna Aalia. (Izaskun Urbieta) Urrian lortu zenuen errefuxiatu politiko izaera. Nolakoa izan da bidea? Egia esan, bost urte iraun duen bide oso luzea izan da. 2012ko urtarrilean aurkeztu nuen babes politikoaren eskaera, eta hiru urte geroago, Espainiako Barne Ministeritzatik nire eskaeraren ukapena jaso zuen. Horrekin batera, 15 egunetan herrialdetik irten behar nuela esan zidaten. Orduan, errekurtsoa aurkeztu nuen Espainiako Audientzia Nazionalean, eta aurrerago arrazoia eman zidaten. Esan dudan bezala, bide luzea eta gogorra izan da, baina era berean polita. Pertsona solidario asko aurkitu dut bidean, eta hauez gain, erakundeak, udalak, Gobernuz Kanpoko Erakundeek ere lagundu didate. Epaia definitiboa al da? Bai. Erabakia jaso ondoren, Espainiak helegitea aurkezteko denbora izan zuen hilabete baten barruan, baina ez zuen ezer ere egin. Beraz, epai irmoa da. Babes politikoaren eskubidea erabaki politikoa da beti. Espainiak interes asko ditu Marokorekin, eta, dirudienez, horiek garrantzitsuagoak dira pertsona baten eskubideak baino. Orain, paperak lortzeko tramiteetan nabil. Hau ere prozesu luzea eta nekagarria da, baina, beno, pasa den asteazkenean pasaportea jasotzeko zortea izan nuen, eta oso pozik nago. Nolako pasaportea da? Errefuxiatuen pasaportea da. Ez da ohiko hiritarrena bezalakoa, eta horregatik, ni bezalako pertsonek errefuxiatu politikoentzako pasaporte moduko agiri bat izaten dugu. Agiri horri esker mundu guztitik bidaiatzeko aukera dugu. Lehen ezin al zenuen penintsulatik atera ere egin? Ez, ez. Babes politikoaren eskaera tramitean dagoen bitartean, ezin dira mugak zeharkatu. Beraz, hona etorri nintzenetik, ez naiz inoiz ere irten. Gogoan dut babesaren ukapena jaso nuenenean Kanariar Uharteetatik eta Balearretatik hitzaldiak emateko deia jaso nuela. Hegazkinik ezin nuenez hartu, joan gabe gelditu nintzen. Orain, Espainiako Estatutik hegazkinez bidaiatzeko aukera dut, eta pasa den asteazkenetik edonora joan naiteke. Saharara ere bai? Babes politikoak mundu guztitik bidaiatzen uzten dizu, zure herrialdeak gatazka duen herrialdera izan ezik. Nire kasuan, Marokora. Zer gertatzen da? Ni okupatuta dagoen lurralde batekoa naizela. Marokoren menpe bizi dira han, eta,orduan, ezin dut bertara joan. Baina errefuxiatuen kanpamenduetara, aldiz, bai. Hemendik hilabete gutxira joango naizela pentsatzen dut. Zure familia han al dago? Nire familia Aaiunen bizi da, mendebaldeko Saharako hiriburuan. Han jaio nintzen, eta han jarraitzen du nire familiak. Okupatutako lurraldea da. Hara ezin naiz joan, baina saiatuko gara elkar ikusten lekuren batean, beste herrialderen batean. Noiztik ez dituzu ikusi? 2011ko urriaren 1etik. Arratsaldeko 17:30ean atera nintzen etxetik, eta orduz geroztik ez ditut berriro ikusi. Ikusteko gogo handi dut, eta topaketa laster izatea espero dut. Urte hauetan guztietan, gainera, amona eta osaba bat galdu dut, baita beste familiarteko batzuk ere. Horretaz gain, bi iloben osaba izan naiz ,eta ez ditut ezagutzen. Babesa lortzeak zure borroka propioa irabaztea ekarri du. Une honetan, zein da zure borroka? Egia esan, babes politikoaren borroka ez da nire borroka bakarrik izan. Borroka kolektiboa izan da, Espainiako Estatuko Sahararen aldeko mugimendu solidario guztiarena izan da. Eta borroka honekin kartzelan dauden nire lagun guztien eskubideen alde lan egin nahi izan dut. Zigor oso gogorrak betetzen ari dira. Beraz, babes politiko honek ez du bakarrik aitortzen nire eskubidea errefuxiatu politiko bezala. Zer gehiago? Babes politikoak aitortzen du okupatuta dagoen lurraldean giza eskubideen urraketak ematen direla, pertsonak kartzelaratu egiten direla, baita torturatu eta hil ere. Beraz, nire lorpen hau beraien aldeko zerbait ere izan da. Hori dela eta, hemendik aurrera ere, nire borroka bide horretan joango da. Mendebaldeko Saharak okupatuta jarraitzen duen bitartean, nik borrokatzen jarraituko dut. Eta, orain, bidaiatzeko aukera dudanez, leku askotara joango naiz, eta erakundeetan herri bezala jasaten ari garen giza eskubideen urraketa bortitza salatzeko aukera izango dut. Nola ikusten duzu gizartea errefuxiatuen egoeraren aurrean? Sentsibilizazio bat badagoela ikusten dut. Duela urte batzuetatik hona, errefuxiatuen krisia hasi zenetik eta, zoritxarrez, hildako jendearen argazkiak agertzen hasi zirenetik, jendea sentsibilizatu egin da. Era berean tristea da horrelako irudiak ikusi arte, eta horrelako sufrimendua pasa gabe, ez dela jendea sentsibilizatzen. Familia askok beraien etxeak ireki dituzte errefuxiatuak hartzeko, baina arazoa da errefuxiatuak ez direla etortzen Europako Batasunak aurrera eramaten ari den politikagatik. Pertsona hauek libreki eta duintasunez bizi nahi dute, eta horren alde borrokatzen jarraituko dut. Zure kasua mediatikoa izan da. Honek lagundu du gizartearen sentsibilizazioan? Nire kasua mediatikoa izan da, bai, baina Mediterraneoan hiltzen ikusi diren pertsonen irudiak are eta gehiago izan dira. Tristea da haurrak hiltzen ikustea gizartea eta erakundeak gai honetaz arduratzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide