Iban Ibarreta azpeitiarra eta Unai Antia oikiarra bigarren, Hondarribiako rallysprintean

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 26a, 20:10

Sailkapen orokorrean bigarren denbora onena egiteaz gain, beren mailako saria ere eskuratu zuten Ibarretak eta Antiak. Iban Ibarreta elkarrizketatu zuten atzo Euskadi Irratian, eta han azaldu zuenez, "oso gustura" zegoen lortutakoarekin.

Iban Ibarreta eta Unai Antia podiumean. (Irati Unanue) Iban Ibarreta Erlo gidari azpeitiarrak eta haren kopilotu Unai Antia (BMW M3) oikiarrak balentria galanta egin zuten atzo Hondarribiako rallysprintean. Podiumeko bigarren postuan sailkatu ziren, Enrique Barrenetxea-Arando eta Anartz Onandia (Mitsubishi EVO IX) irabazleengandik 17 segundora. Hirugarren, berriz, Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3) izan ziren. Lehen txandan, Ibarretak eta Antiak ez zuten podiumean sartzeko adinako denbora egin, baina bigarren txandan eta hirugarrenean, bigarren denborarik onena egin zuten. Bigarrengo txandan lortu zuten, hain zuzen, Castro eta Urkiola baino denbora hobea egitea lehen aldiz. Bi txanda horietan Barrenetxea-Arandok eta Onandiak egin zituzten denbora onenak. Sailkapen orokorrean bigarren denbora onena egiteaz gain, beren mailako saria ere eskuratu zuten Ibarretak eta Antiak. Iban Ibarreta elkarrizketatu zuten atzo Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan, eta han azaldu zuenez, "oso gustura" zegoen lortutakoarekin. Lan erregularra egin zutela azaldu zuen, nahiz eta rallysprint horren ibilbidea ez duen oso gustukoa. "Beti erretiratu eta erretiratu genbiltzan, eta halako batean ondo tokatu zaigu, zerbait bada ere". Eguraldi txarrak eraginda, ibilbidea nahikoa "zaila" zegoela ere azaldu zuen. "Zikina, bustia eta oso txarra zegoen. Ibilbidea konplikatua eta buruhauste asko sortzeko moduan zegoen, egoera txarrean. Oso zikina, eta hori oso txarra da gure BMWentzat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide