BMko lanpostuetarako hautatuei zuzenean deituko diete

Urola Kostako Hitza 2017ko martxoaren 24a

BM kateak supermerkatua zabalduko du Ardantzabiden. Hamar lanpostu sortuko ditu, eta lanpostu horietarako hautagaiek pasa den ostegunean aurkeztu zituzten beraien curriculumak Zaharretxean dagoen Enplegu Zentroan. Goizean goizetik hasi ziren herritarrak Beheko Plazako eraikinera hurreratzen. Une batzuetan jende ilarak eskaileretaraino heldu ziren. Guztira, 88 lagun elkarrizketatu eta beste 82ren curriculumak jaso zituzten. Bizpahiru aste barru, hautespen prozesuaz arduratu zen Uvesco enpresa zuzenean jarriko da harremanetan elkarrizketatuen artean hautatuak izan diren lagunekin. Halaber, enpresak gainerako 82 pertsonen curriculumak jasoko dituela adierazi du, etorkizunean sortu daitezkeen lanpostu berriak betetzeko. Urola Kostako Udal Elkarteak, bere aldetik, ostegunean Enplegu Zentrora bertaratu ziren guztiei –elkarrizketatuak izan zirenei eta ez zirenei, alegia– banan-banan deitzeko konpromisoa azaldu du, Enplegu Zentrotik eskaini eta bideratzen diren aukeren berri emateko: udal elkarteko lan-poltsa, laneratze prozesuak, curriculumak hobetzeko aholkuak eta abar. Amaitzeko, Zumaiako Udalak eskerrak eman dizkie bertaratu ziren guztiei, eta etorkizunera begira, "herriko ekonomia eta enplegua bultzatzeko eta zumaiarrei lan aukera berriak eskaini ahal izateko" horrelako ekimen gehiago sustatzeko konpromisoa berretsi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide